Opor ondorengo sindromea

Guaixe 2012ko irailaren 7a

Astelehena, opor ondorengo lehen lan eguna. Eguraldi kaxkarra: "heldu da negua" pentsatu dut. Nere burua ere nahiko kaxkar dabil. Opor ondorengo sindromea izanen da.Lantokiko mahaia paperez gainezka daukat eta ez dakit nundik hasi. Lankideei begirada bat: bakoitza bere buruarekin burrukan: gaur ez dago giro farregarririk. Beste egunen batean kontatuko ditugu udarako goraberak.Telefonoa eta segapotoa; segapotoa eta telefonoa... biak sutan eta ezin biekin batera. Mundu guztia presaka eta urduri: Marianok zergak igo baino lehen egin beharreko gauza pila. Munduaren bukaera dirudi, baina ez da hainbesterako izango. Azkenean, ez dugu beste erremediorik eta gaur egiten ez duguna, bihar egin beharko dugu. Ez ditugu aldaketak maite, batez ere gure poltsikoa berriz usteko baldin bada. Dena den, posible al da gehiago ustea? Batzuk baiezkoan daudela dirudi.Kafetxo bat atera dut lantegiko makinan, kafeinaren boterea beharrezkoa daukat. Gaur ez naiz hegan aterako, baina bultzadatxo baten beharrean nago.  Nahikoa izanen da? Ez dut uste, gaur opor ondorengo sindromearen pean nago, edo hori diote telebistako berrietan. Dirudienez oso kutsagarria eta larria omen da.Zeinek asmatu ote du horrelako sindromea? Hau gaixotasun "modernoa" delakoan nago, lehen berdin ibiltzen ginen eta lanean edo klasean hasi orduko, gertatzen zitzaiguna ohitura falta zen edo amak esaten zidan bezala: zer? Astelehena daukazu ezta?Bai ama, astelehen latza daukat, baina hau bi edo hiru egunetan ahaztuta daukat. Erritmo falta eta goiz jaikitzeko ohitura falta besterik ez da. Nik uste politikoek asmatu dutela "síndrome" delako hau. Aitzaki ederra.Musika pixka bat jarriko dut. Musikak beti laguntzen nau. Egoera bakoitzak bere taldea dauka, niretzan behintzat. Gaur kaña pixka bat behar dut neuronak pizteko. Lankideari galdetu diot eta baimena eman dit. Dirudienez biok gaude kaña pixka baten beharrean. Iron Maiden taldearen "Wasted Years" jarri dugu eta nere buruko neuronek bapatean piztu egin dira... kafeinaren laguntza barne, noski.Tira, lanean hasiko naiz, erritmo falta daukat eta.Ibai Hernaiz Ormaetxea