Murrizketekin hasi da ikasturtea

Guaixe 2012ko irailaren 6a

Atzo, gaur eta bihar. Ikastetxe batetik bestera kurtso hasiera aldatu egin da, baina dagoeneko hutsik zeuden eraikinak ikaslez bete dira. Garagarrilean Hezkuntza Departamentuak hartutako hainbat neurri aste honetan hasi dira indarrean jartzen ikastetxeetan. Irakasleek ikasgelan ordu gehiago egon beharko dute. Horrek prestakuntzarako, bilerak egiteko eta besteetarako beta gutxiago utziko die. Zailtasunetako bat, aurreko ikasturtean bezala, baja hartuko duten irakasleen ordezkapenak izanen dira. Hezkuntza Departamentua iaz luzatu egin zen ordezkoak bidaltzean. Irakasle berriak etorri bitartean ikastetxean daudenak moldatu behar izaten dute, libre duten orduetan beste irakaslearen egitekoak eginez. Baina irakasleek klase ordu gehiago dituztenez, hori zaila izanen da. Kasu batzuetan, ikastetxe txikietan batez ere, gelak elkartuz moldatu beharko lukete halakorik gertatzen bada. Arbizuko eskolan bi irakasle direnez, eta haietako bat ikastetxean beti ez dagoenez, gaixotzeko beldurrez ere badaude. RatioaIkasgelako ikasle ratioa handitu egin da. Horrek ekarri du esaterako Irurtzungo Atakondoa eskola publikoan bi gela gutxiago egotea. Eta horrekin batera, aurreko ikasturtearekin alderatuta, 6 irakasle gutxiago daude Arakilgo zentroan. Ikasleak, berriz, 26 gehiago. Etxarri Aranazko San Donato eskola publikoan ikasturte mustu berrian aurrekoan baino 3 irakasle gutxiagok lan eginen dute, eta ikasle kopuruak gora egin du. Urdiaingo eskolan gela bat gutxiago dago aurten. Altsasuko Zelandi eskolan 2 irakasle gutxiago ariko dira aurten. Gauza bera gertatzen da ibarreko ikasleak hartzen dituen Aralarko Mikel Donea I ikastetxean. Azkenik, Olatzagutiko Domingo Bados eskolan irakasle bat gutxiago izanen da. Irakasle faltanIkastetxeetan irakasle guztiak ez daude, eta halaxe hasi da ikasturtea. Irurtzunen irakasle bat falta zen atzo, kurtso hasieran. Uharte Arakilgo eta Urdiaingo eskola publikoan amatasun baja bana ordezkatzeko zain daude. Uharteko kasuan txikienen irakaslea da berehala etortzen ez bada, haur horien ikasturte hasiera atzeratu egin liteke. Etxarri Aranazko eskolan irakasle baten faltan zeuden kurtso hasieran. Iturmendiko Arrano Beltza eskola publikoan behar berezitarako zaintzaile baten faltan daude. Altsasuko Zelandi eskolan plantila guztia zegoen ikasturte hasieran. Aralarko Mikel Donea I institutuan 2 postu betetzeko daude. LanakGarilaren erdialdean eman zituen Hezkuntza Departamentuak Irurtzungo eskolan egin beharreko lanak. Egitea espero ziren lanaren herena besterik ez da egin eta kurtsoa hasita zela despeditzen ari dira bere egitekoa langileak. Uharte Arakilgo Aralarko Mikel Donea eskolan udala haurtzaindegia egokitzeko lanak egin ditu. Handiena despedituta, zenbait kontu ixten ari dira langileak. Lakuntzako Luis Fuentes eskolako lehietako markoak aldatu dituzte aurten. Baina buru-haustea zinemako lanek ematen die, patioaren erdia "jan" baitie. Espainiako Gobernuak diruz lagundutako lan bat da zinemakoa, baina murrizketengatik geldi dago. Lakuntzako Udala lanen itxitura kendu eta beharrezko urbanizazio lanak egiteko harremanetan jarri da Ministerioarekin, baina orain arte ahaleginak alferrik izan dira. Etxarri Aranatzen margotze lanak despeditzear daude. Zelandi eskolan berogailua sistema berritzeko lanak egin dira udan, horiek despeditu dituzte egun hauetan. Olatzagutiko eskolan udan komunak berritu dituzte. Azkenik, Aralarko Mikel Donea I institutuan 5 proiektore interaktibo jarri dituzte. TxikiIrurtzungo Atakondoa eskola publikoan 2 gela gutxiago egonda ere, modulotan egokitutako 4 ikasgelarekin hasi dute kurtsoa. 3. urtea da horrela daudela. Egun espazioz justu dagoen ikastetxea aurki txiki geldituko da. Horretarako gora egin duen jaiotze tasa begiratzea besterik ez dago. Asteartean izan zen Hezkuntza Departamentuko ikuskaria Iturmendin, baina eskola berriaren inguruan ez zuen ezer esan.