Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo bukatu zen Espainiako Itzulia Madrilen. Contador, Valverde eta Rodriguez igo ziren podiumaren gorenera, lehen hiru postuetan sailkatuta. Sakandarren artean Gorka Verdugo izan zen onena, 11. postuan, liderrarengandik 16:22ra. Igor Anton taldeko liderraren alde egindako lanak ezusteko saria eman dio, sailkapenaren goiko postuetara eramanez. Zalantzarik gabe, kontratua berritzeko arrazoiak eman ditu. Beste sakandarra, Imanol Erbiti, 134. postuan sailkatu da, 3:10:07ra.Taldeka bikainMadrileko podium gainean ikusi genituen Jose Luis Arrieta uhartearra eta Imanol Erbiti hiriberritarra, Movistar taldeko gainerako kideekin batera. Taldekako onenak izan ziren. Haren atzetik sailkatu zen Euskaltel-Euskadi taldea, 9:40ra. Gorka Verdugoren taldearendako itzuli gazi-gozoa izan da: Igor Antonek ez du lortu lehen bosgarrenen artean sailkatzea eta ez dute etapa bat irabaztea lortu, baina lehen 11 txirrindularien artean bi taldekide sartuta, World Tour sailkapenean postu bat aurreratu du: 13.a da 475 punturekin. Azkenik, Sakanan sortutako Rural Kutxa itzuliko sorpresatariko bat izan da. 23 urtez Espainiako itzulitik kanpo egon ondoren, helburu guztiak bete dituzte: protagonista izatea, 10 talde onenen artean sailkatzea eta etapa bat irabaztea, non eta Covadongako lakuetan. Ez da marka txarra aurrekontu txikienetakoa duen taldearendako. Esan daiteke datorren urterako txartela lortu dutela.