Unibertsitatea unibertsitate denetik poliziarik gabeko gunea izan da, eta hala izanen zela uste nuen nik unibertsitatea unibertsitate deino (Mitxelenak esango zukeen bezala). Baina ez.Unibertsitatea sakratua da kultura errespetatzen dugun guztiontzat. Unibertsitatea oinkatzen duenak kultura maite dugun guztioi egiten digu kalte eta laidotzen, kolpatzen eta iraintzen gaitu. Unibertsitatea oinkatzen duenak ez du kultura maite.Guaixeren orrialdeetatik ari gara gure hitza munduratzen, murrizketak jasan dituen aldizkari duin honetatik. Murrizketengatik orri gutxiago daukagu Guaixen. Antzeko gauza bat gertatzen da unibertsitatean: murrizketengatik gela nahikorik ez dugu gure ikasleentzat. Opuseko unibertsitateari gobernuak eraikinak oparitzen dizkion bitartean (Donapean zeudenak erbesteratuz), Nafarroako Unibertsitate Publikoari ozpina ematen dio uraren ordez.Polizia unibertsitatean sartu den egun berean Nafarroako presidenteak esan du 2025. urtean Magisteritzan arituko diren guztiek jakin beharko dutela ingelesa, bestela analfabeto laboral eta sozialak izanen direla. Analfabeto gutxi batzuk ezagutu ahal izan ditut nik neure bizitzan, eta jende ona zen, errekurtso gutxikoak, jende maitagarria gehiena; sufrimendu handiak jasandakoak; horietako batzuek beren seme-alabak eskolatu nahi zituzten ahal izanez gero. Analfabetoak ziren, ez ezjakinak.Besteek, berriz, espainola besterik ez dakitenek, ingelesa aldarrikatzen dute, euskara zanpatzen duten bitartean. Hezkuntza pribatua saritzen dute, hezkuntza publikoaren erantzule gorenak izanik. Sexuagatiko segregazioa bultzatzen eta diruz laguntzen dute gure erkidegoko ikastetxeetan, hezkuntza askeari oztopoak jarriz eta zor zaion finantziazioa ukatuz.Eta, garrantzitsuena, unibertsitatean ikasleak baino nahiago dituzte poliziak. Langile, nekazari eta laborarien seme-alabak unibertsitatetik kanpo nahi dituzte eta horretarako beren indarrak bidali dizkigute. Lotsagarria.Juankar Lopez-Mugartza