Balioztatzeko UGPSan inposizioa ikusi dute lau taldeetako zinegotziek

Guaixe 2012ko irailaren 13a

Bildu, PSN, Aralar eta IU-EBko zinegotziek adierazpen bateratua egin dute. Udalarekiko "errespetu falta" eta informazio eza salatu duteAsteazkenean agerraldi bateratua egin zuten Sakanako Bilduko eta Aralarreko zinegotziak (Asun Fernandez de Garaialde, Garazi Urrestarazu, Gurutze Rodriguez, Txiki Iriarte eta Aitor Karasatorre). Haiekin batera, PSN eta I-Uko kideak agiria sinatu badute ere, kanpoan zeudenez ezin izan zuten egon. Olatzagutiko porlandegian hondakinak balioztatzeko Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Plan Sektoriala (UGPS) onartu zuen. Zinegotzien iritziz "errausketa ezartzeko erraztasunak emateko" egin du hori gobernuak. Eta gogor salatu dute UGPSarekin "Olatzagutiko Udalak berez dituen hirigintza eskumenen gainetik pasa nahi du". Balioztatzea "ez da udal eremua gainditzen duen guztion onurako ekimena; Olatzagutiko Udala aintzat hartu gabe interes ekonomiko pribatuen aldeko egiten den ekimena baizik". Nabarmendu zuten, gainera, errausketa egitasmoak Olatzagutiko udal araudiarekin "talka" egiten duela. "1999tik dago indarrean eta enpresak parte-hartze zuzena izan zuen, aurkeztu zituen alegazioak aintzat hartu ziren". Irailaren 25eanEgun horretan bilduko da herritarrek, Sakanako udalek eta Mankomunitateak jarritako alegazioei erantzunen dien batzordeak. Erantzunaren arabera, Gurutze Rodriguez Olatzagutiko alkateak ez du baztertu erabakiari helegitea jartzea. PSNren oharraOlatzagutiko Udaleko PSNko bozeramaile Juan Jose Galarzak bere eta alderdiaren "babes osoa" azaldu dio CPVk hondakinak balioztatzeko abiatu den UGPSri. Argi utzi du hautetsi sozialista gisa aipatu UGPSren kontra ez duela sekula egin. PSNk bere oharrean gogora ekarri du bere izenean aurkeztu zen Miguel Angel Solisek porlandegiaren egitasmoaren kontra egin zuela, "alderdiaren iritzi ofizialaren aurka" eta, horregatik, Olatzagutiko udal taldetik kanporatua izan zela. "Beraz, dagoeneko ez da hautetsi sozialista, gainera ez baitago ezta afiliatuta ere".