Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako NaBaiko (EAJ eta independenteak) hautetsiek Nafarroako Gobernuaren jokabidea salatu dute. "Interes komunaren aitzakian halako gaien berezko eta ohiko bideak saihestu nahi ditu, udal eskumenak mespretxatuz". Aipatu zinegotziendako gobernuaren jokabide hori "onartezina" da, "beti udal eskumenen aldeko eta herri bakoitzeko biztanleen borondatearen defentsa egin baitugu". Nafarroako Gobernuak "interes orokorrean oinarrituta" UGPSren erabilera "bidegabea" egin duela salatu dute aipatu NaBaiko zinegotziek. "Olatzagutian udalaren eta Sakanako gizartearen gehiengoaren iritzia saihesteko erabili du. Baina duela 2 hilabete eskas enplegua eta inbertsio beharrak ez dira nahiko argudio izan eta gobernuak berak indarrik gabe utzi du Zangituko UGPS". Industrialdeak Altsasuri industria lurra eman behar ziola eta herri horretan ibarreko langabeziaren %57a dagoela nabarmendu dute NaBaiko zinegotziok. EskaeraZinegotziek Nafarroako Gobernuari galdetu diote zertan diren apirilean porlandegiaren egitasmoari aurkeztutako alegazioak, "ez baitakigu kontuan hartuak izan diren ere". Nafarroako Parlamentuak Gobernuari gai honen inguruan emandako argibideak oraindik ez dituela eman ere azpimarratu dute koaliziokideek. Cementos Portland Valderrivasi dagokionez, enpresak gizartea "era zehatz eta argi batean informatzeko konpromisoa" zuela azaldu dute. Baina NaBaiko zinegotzi horien iritziz, "enpresak Gobernuaren eskutik hartutako indar jarrerak bere sinesgarritasuna txikitzen du". NaBaiko zinegotzi horiek nahigabetuak daude "batzuen eta besteen jokoagatik, inposizio jarreretatik, Sakanan beti etengabeko gatazkan egotea". Zinegotziok "ekonomia eta gizarte eragina duten egitasmoetan gobernuaren eta udalen arteko elkarrizketaren bidea zabaltzea" eskatu dute, "tren talka etengabe horren ondorioak Sakanan bizi eta lan egiten dugunok ez ordaintzeko".