3 enpresa energia berriztagarrien kontsortzio berri baten parte

Guaixe 2012ko ira. 11a, 17:12

Laneko SAL, Industrial Barranquesa SA eta Jatorman SL dira, beste hirurekin batera, kontsortzioa osatu dutenak eta atzerrian merkatuak zabaltzea du helburu.

Gaur aurkeztu dute Navarra Wind Energy Consortia, Naweco, interes ekonomikoko elkartea. Energia berriztagarrien arloko 6 enpresa nafarrek osatu dute kontsortzioa: Frenos Iruña SA, Estampaciones Arsa SL, Fluitecnik SA, Laneko SAL, Industrial Barranquesa, SA eta Jatorman SL. Sektore horretan estatuko merkatua gero eta agortuago dagoen honetan beste merkatu batzuetan bezero berriak bilatzeko asmoz sortu dute kontsortzioa. Uneoro Nafarroako Ganberaren laguntza teknikoa izanen du Nawecok. Guztien arteko elkarlanean ariko dira eta "era praktiko, arin eta erraz baten bidez salmentak igo eta sustapen eta logistika kostuak murriztuko dituzte". Hala, Nawecoko ordezkariak hilaren 18tik 22ra Alemanian izanen dira, Husum Wind Energy 2012 azokan parte hartzen. Aipatu azoka Europako haize-energiari buruzko azoka garrantzitsuena da.

Naweco osatzen duten enpresak elkarren osagarri dira, aerosorgailuak egiteko prozesuaren zati ezberdinetan parte hartzen baitute. Gainera, aerosorgailu ekoizle handien hornitzaileak ere badira. Gamesa, Acciona, Vestas o Alstom hornitzaile gisa 15 urteko eskarmentua dute. Gaur egun Portugal, Dominikar Errepublika, Ameriketako Estatu Batuak, India, Txina, Brasil eta Mexikon daude presente.

www.naweco.com
Kontsortzioko presidentea Estampaciones Arsaneko gerente Francisco Artero Artero izanen da; presidente-ordea Jatormaneko gerente Marcos Reparaz Razkin; idazkaria Frenos Iruñako gerente Francisco Ceberio Maiza; idazkari-ordea Lanekoko gerente Ignacio Fernandez Roa. Bokalak: Industrial Barranquesako Luis Alvarez de Eulate eta Fluitecnik-eko Mikel Zestau Urkiola.

466 langile
6 enpresen artean dituztenak. 96,6 milioi euroko fakturazioa dute.

  • Industrias Laneko. 15 urteko eskarmentua du haize-sektorean. 60 urteko esperientzia forjako torlojugintzan. Haize, porlan, tren eta tunel sektoreendako eta banatzaileendako produktu eta zerbitzuak eskaintzen ditu.
  • Industrial Barranquesa, S.A. Haize-energiaren sektorean 14 urteko eskarmentua du. Dorrerako eta zimenturako bridak, frenoko diskoak, sorgailuendako aroak eta haize-industriarako metalezko pieza handiak egiten dituzte.  
  • Jatorman.18 urteko eskarmentua du sektorean. Lineak eta prozesuak automatizatzeko konponbide integralak diseinatu eta egiten ditu. Mota guztietako makinak egiten dituzte.