Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Olatzagutiako porlandegian hondakinak erre ahal izateko Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Plan Sektoriala izendatu du. Erabaki horren kontrako alegazioak eskatu eta bere tramitazioa bertan behera gelditzeko eskatu du fundazioak. Erakunde horren iritziz, "hondakinak erregai gisa erabiltzea etorkizunean haiei eman dakiekeen beste erabilera batzuk murriztu eta hipotekatzen ditu, berrerabilpen eta birziklatze nitxo bat deuseztatuz". Hondakinen sorrera murriztuko duen kudeaketa sistema baten alde egin du fundazioak. Sustrai Erakuntzatik, bestalde, gogorarazi da indarrean dagoen legediaren arabera "instalazio bat energia balioztatzen duela esateko, energia eraginkortasun muga bat gainditu behar duela". Fundazioak dio Cementos Portlan Valderrivasek (CPV) bere txostenean ez duela balioztatu nahi dituen hondakinen bero-ahalmena zein den. Aldi berean, nabarmendu du Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plana Nagusiak porlandegietan hondakinak erretzea debekatzen duela. Fundazioko kideak kritiko agertu dira CPVk isuri kutsatzaileak neurtzeko proposatu duen sistemarekin, "soilik lantegia martxan dagoen une jakinetan eginen baita". Porlandegiak, besteak beste, dioxinak, furanoak, metal astunak edo nitrogeno eta azufre oxidoak isuri ditzakeela dio beste alegazio batean. Azken bi kutsatzaile horiek CPVren agirietan ez direla behar bezala aztertu dio Sustrai Erakuntzak. Aldi berean, fundazioak Sakanako meteorologiaren azterketa sakona eskatu du, atmosferara isuritako kutsatzaileen sakabanaketan izan dezakeen eragina jakiteko.