Martxa Gorria greba orokorraren atarian

Guaixe 2012ko irailaren 21a

Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta hainbat eragilek deitu dute heldu den asteazkeneko greba orokorra. 26an lan egiteari uzteko zein arrazoi dauden azaltzeko LABek Sakanako Martxa Gorria antolatu du. Harekin sindikatu abertzaleko kideek agerian utzi nahi dute Nafarroako Foru Hobekuntza iruzurra izan dela eta "Nafarroaren ustezko autogobernua ezerezean geratu" dela, "langile nafarrek astez aste eskubideak galtzen ditugun bitartean". LABek 3 aldarrikapen zabalduko ditu martxan. Aurrena, murrizketa politikarekin bukatzeko eta AHT eta beste proiektu txikitzaileak gelditzeko exijituko du, "txanpon beraren bi aurpegiak direlako". Horrekin batera, LABeko kideek ere UPNko gobernuaren dimisioa eskatuko dute eta hauteskundeak aurreratu daitezela. Azkenik, "Nafarroaren etorkizunaren inguruko eztabaida soziala irekitzea" eskatuko du, eta hartan herriak erabaki ahalmena izatea. LABek sakandarrak antolatu duen martxan parte hartzera deitu du, "bereziki larunbatean, Uhartetik Irurtzunera, gure eskualdeak behar duen alternatibaren beharra eramateko".MartxaGaur, ostirala, 9:00etan Altsasuko Foru plazatik abiatuko da Sakanako Martxa Gorria. Helmuga Uharte Arakil izanen du. Bidearen erdian, Etxarri Aranatzen, martxistek geldialdia eginen dute eta 11:30ean zerbitzu publiko duinak aldarrikatzeko kontzentrazioa eginen dute. Hura despeditu ondoren, martxan parte hartzen dutenek Utzubargo industrialdean ordu estren kontra protesta eginen dute. Arbizun, 16:00etan, kafe-tertulia izanen da eta 18:00etan Lakuntzan murrizketen kontrako eltzekada. Martxako aurreneko eguna Uharte Arakilen despedituko da, 20:00etan eginen den batzar irekiarekin.Bihar, larunbata, Sakanako Martxa Gorriak Uharte Arakil utzi eta Irurtzungo bidea hartuko du. Ibarrerako alternatibak aldarrikatuko ditu LABek biharkoan. Irurtzunen, Inasako langileek egindako borrokari babesa azalduko diote martxistek 12:00etan eta Sakanan enpleguaren aldeko apustuak egin daitezela aldarrikatuko dute. AurrerapenaMartxarako motorrak berotzeko LABek 2 orduko ibilaldia antolatu zuen Altsasun barna. "Langabezia, bankuen erreskatea eta makro proiektuen salaketa" egiteko erabili zuten ibilbidea LABeko kideek. Yolanda Barcinaren gobernuaren gestioa gogor kritikatu zuen LABek eta haren dimisioa eskatu zuen. "Erreforma berriekin banketxeen zuloa ordaintzen ari gara. Eskubide sozialik gabe pobreziara eta miseria gorrira garamatzazue". Espainiako bankuen erreskatea ordaintzeaz aparte nafarrek Emilio Botinen Santander Bankuarekin 650 milioi euroko zorra dutela era nabarmendu zuten, "UPNk hari erreskate hori eskatu baitio. AHT ez egitearekin Nafarroako Gobernuak 1200 milioi euro aurreztuko lituzke". LABeko kideek Nafarroarako beste eredu sozial bat aldarrikatzera.