Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo goizean ELAko ordezkariek batzarra egin zuten, asteazkeneko greba orokorra prestatzeko. Ondoren, Altsasuko azokan kontzentrazioa egin zuten, sakandarrak 26ko mobilizazioan parte hartzera animatuz. Nafarroako ELAko koordinatzaile Mitxel Lakuntza izan zen kontzentrazioan. Adierazi zigunez, 26an greba egiteko arrazoi ugari daude baina bakarra nabarmendu nahi izan zuen: "gure gizartean zabaltzen ari den pobrezia. Sakanan ere langabeziaren bitartez pobrezia zenbait etxeetara eta pertsonengana iristen ari da". Lakuntzak esan digunez, "aurretik egindako greba eta mobilizazioak erreforma baten kontrakoak izan dira, oraingoa, berriz, elkartasunez bulkatutako greba bat da". Eta elkartasun hori eraman du ELA greba orokorraren bidez "azken hilabeteetan ezartzen ari diren murrizketak. Nafarroan oso argi ikusi da Osasunbidean, hezkuntzan edota mendekotasun arloetan. Batetik edo bestetik, denok kaltetzen gaituzte murrizketak". AlternatibakLakuntzaren iritziz, murrizketak eta pobreziaren zabaltzeak helburu bakarra dute: "gaur egun banketxeen jarrera eta irabaziak bermatzea. Gure poltsikoetatik kentzen ari dira bankuen funts horietan uzteko. Kapitalismo hutsa: gehiago dutenak gehiago izan behar dute. Lapurreta kolektibo bat da". ELAko kidearen iritziz dirua badago, "gauza da dutenei ez zaiela eskatzen eta berreskuratu beharko litzatekeen tokietatik ez dela berreskuratzen". Gaineratu zuenez, "Rajoyk iragarri duen murrizketa eta Europatik Espainiako estatuari eman zaion dirua kantitate bera dira. Esan dute Europako laguntza bankuendako dela. Ez. Gobernuari utzi zaio eta hark bueltatu behar du. Berez, zor publikoa horrela igotzen da". Honi guztiari aurre egiteko murrizketak gelditzea eta bestelako fiskaltasuna aldarrikatu ditu ELAk. Mobilizatu beharraELAko ordezkariak ziurtatu digu "gizarte-presio indartsu bat ez badago, gauzak okerrera" eginen dutela. Lakuntzak gogora ekarri du langabezian edo oinarrizko errenta kobratzen dutenendako prestazioak ordaintzeko diru faltaren inguruko iragarpenak. Baita, 67 urterekin jubilatzeko egitasmoa. "Eta beldur gara errelebu kontratuak eta aurre-erretiroak mugitu nahi dituztela. Greba ere balio behar du jendeari esateko datorrena okerrago izanen dela". Lakuntzak azpimarratu duenez, "sindikalgintzak eta gizarte eragileek ez dute mobilizazioa beste biderik. Gobernuak eta patronalak ezin dute esan beste biderik dugunik. Hau da bide bakarra, ez dago aukeratzerik. Ez da eraginkorrena delako, baizik eta bide bakarra delako kalera ateratzea eta enpresan langileak antolatzea". Grebak izan dezakeen jarraipenaz ELAko buruak esan digu Nafarroa iparraldean erantzun zabala espero dutela eta Iruñerriko zenbait eskualde eta enpresetan greba nabaritu eginen dela. Gainera, UGT eta CCOOko zenbait delegatuk grebarekin bat eginen dutela uste du Lakuntzak. Adibide gisa Iruñerriko garraio publikoko enpresa jarri du.