Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maiz zeharkatzen dugu Sakana, baina gehienetan autobiatik egiten dugu abiadura bizian, inguruko txokoei erreparatu gabe. Horren aurrean, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Sakana bizikleta gainean zeharkatzera gonbidatzen ditu herritarrak. Horretarako aukera ematen du Sakanako Txirrindula Egunak. Heldu den igandean, irailaren 30ean, 19. edizioa eginen da Ziorditik Irurtzunera. Proba ez lehiakorra Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatzen du, Aralar eta Burunda txirrindulari taldeen eta Ziordiko eta Irurtzungo Udalen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.Asteartean ibilbidearen nondik norakoak azaldu zituzten Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak, Gorka Iriarte Kirol Batzordeko lehendakariak eta Mitxel Larunbe Aralar txirrindulari taldeko diruzainak. Jatorria eta helburuakSakanan bizikleta zaletasun handia dago. "Hori erakusten du Aralar eta Burunda txirrindulari taldeen eskoletan dagoen haur kopuru politak eta bailaran jokatzen diren lasterketek; eta, zer esanik ez, maila gorenean dauden Sakanako txirrindulari profesionalen eta Rural Kutxaren lanak" azaldu zuen Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak prentsaurrekoan. Horregatik sortu zen Sakanako Txirrindula Eguna duela 19 urte, eta ia 20 urteren ondoren indarrean jarraitzen du. Txirrindula egunaren helburu nagusia bizikletan goiz atsegina pasatzea da, eta horregatik proba ez-lehiakorra da. Bide batez, Sakanako herriak, bidexkak, ermitak eta basoak ezagutzeko aukera polita da, baita herri eta adin ezberdineko sakandarren harremana sendotzeko ere. Horrez gain, aurten 400 parte-hartzailetara iristeko erronka dute. "Joan zen urteko eguraldi txarrarekin, 250 lagun animatu ziren. Noiz edo noiz 500 txirrindulari izan ditugu eta horretara itzuli nahi dugu" esan zuen Gerrikagoitiak aurkezpenean. Parte-hartzaileen artean sakandarrak dira nagusi, baina badira Iruñerritik eta Arabatik etortzen direnak ere. Antolatzaileek eskualdetik kanpoko txirrindularien parte-hartzea bultzatu nahi dute.Ibilbidea19. Txirrindula Eguna Ziordian hasiko da, goizeko 9:00etan. Aurretik, 7:45ean, autobusak eta kamioiak Sakanako herrietako autobus geltokietatik pasatuko dira parte-hartzaileak eta bizikletak hartzera. Txirrindularien erronka Irurtzuneraino iristea izanen da. "41,3 kilometroko ibilbidea da, nahiko suabea, desnibel gutxikoa" azaldu zuen kirol teknikariak. Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri, Arbizu, Lizarragabengoa, Lakuntza, Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta, Ihabar, Hiriberri, Satrustegi, Zuhatzu, Ekai, Etxarren eta Egiarreta zeharkatuko dituzte, Irurtzunera iristeko. Erdialdean, Lakuntzan, atsedena hartuko dute 11:00ak aldera. Antolatzaileek edaria banatuko dute. Helmugara 13:30 aldera iristea espero dute. Bertan autobusak eta kamioiak zain izanen dira parte-hartzaileak bueltan eramateko. Ibilbide guztian tropelaren atzetik joanen dira autobusa eta kamioia, jarraitzerik ez duten doazen txirrindulariak hartzeko. Gainera, DYA, mekanikoa eta foruzainak bertan izanen dira, beharrezkoa denean laguntzeko.Arauak eta gomendioak10 urtetik gorako edonor parte hartu dezake. Parte hartzaileek ogitartekoa eta kaskoa eraman behar dute, azken hau derrigorrez. Mendiko bizikletak eramatea aholkatzen da, bide guztia ez baita asfaltatua. Gainera, martxaren aurretik txirrindulak doitzea gomendatu dute, "garrantzitsua da egunean ahalik eta arazo gutxien izateko".Izen-ematea derrigorrezkoaSakanako Mankomunitatean eta Sakanako udal eta ikastetxeetan eman daiteke izena. Epea irailaren 24an bukatzen da. Informazio gehiago Sakanako Mankomunitatean (948 464 866)