Eskubideen aldeko greba

Guaixe 2012ko irailaren 27a

Asteazkenean makina bat sakandar ez ziren lanera joan eta ibarreko eta Iruñeko protestaldietan parte hartu zuten. Murrizketak salatu eta gizarte eta lan  arloko eskubideak exijitu zituzten. ELA, LAB, EILAS, EHNE, HIRU, Solidari, CGT eta CNT sindikatuek eta makina bat gizarte eragilek egindako deialdiari erantzun zabala eman zitzaion. Goizetik aritu ziren informazio piketeak grebarako arrazoiak zein diren azaltzen, Guardia Civila gertutik zainduta. Gorpu horren helikopteroa ere lehen orduan Sakanan bueltaka ibili zen. Mobilizazioak ez ziren martxoko deialdi bateratukoak bezain zabalak, baina agerian utzi zuten protestarako makina bat arrazoi daudela.GoizeanDeialdiari jarraituz, Irurtzunen 250 pertsonek kontzentrazioa egin zuen. Etxarri Aranatzen 300 pertsonek manifestazioa egin zuten herrian barna. Altsasun ere manifestazioa egin zuten 600 bat pertsonek, Euskal Herrian murrizketarik ez. Eskubide sozial eta laboralen alde leloa zuen pankartaren atzean. Iruñera joan aurretik, Altsasuko manifestazioaren akaberan hitz egin zuten Sakanako ELA eta LABeko arduradunek. Azken horrek, Gaizka Uhartek, salatu zuenez "gure langabezia, hezkuntza eta osasun arloko murrizketekin ordainduko du Rajoy bankuen erreskatea".  Uhartek azaldu zuenez, Euskal Herrian "gure bideak eraikitzen ari gara. Eta Katalunian ere beraiek nahi dute erabaki euren etorkizuna eta zein eredu nahi duten". Eredu justuago bat lortzeko 3 neurri proposatu zituen LABeko kideak: Barcinak gobernua uztea eta hauteskundeak deitzea; azpiegitura handietara bideratutako dirua gizarte babesa mantentzeko erabiltzea eta, azkenik, erabakitze eskubide errespetatzea eskatu zuen, etorkizun politiko eta ekonomikoa erabaki ahal izateko. ELAren izenean Gorka Viergek esan zuenez, "gauzak okertzen ari diren heinean borroka da geratzen zaigun bide bakarra". Gizarte larrialdi egoera batean gaudela ziurtatu zuen Viergek. Urtetan lortutako gizarte eta lan eskubideen kontrako "ehizaldian" ari direla ziurtatu zuen. Murrizketen ondorioz langabetuen artean eta gizartean zabaltzen ari den pobreziaz gaztigatu zituen bildutakoak. Europako erreskateko dirua bankuen zorrak ordaintzeko izanen dela eta guk ez dugula laukorik ikusiko ziurtatu zuen. "Guri murrizketak eta ongizate gizartearen desegitea emanen digute". Murrizketa gehiago etorriko direla ohartarazi zuen. "Aldaketak egin daitezke, eta soilik behetik gora eginen dira", ziurtatu zuen ELAko kideak eta Portugalen eredua jarri zuen. ArratsaldeanGizarte eragileek deituta Sakana mailako manifestazioa antolatu zuten. Bankuentzat dirua, guretzat miseria. Sakanan bizi eta lan pankartaren atzetik 1500 bat pertsona bildu ziren. Feminista batek krisialdiak emakumeak gehiago kolpatu dituela nabarmendu zuen: "langabezi, prekarietate maila altuago dugu eta zerbitzuetan emanen diren murrizketen ondorioak, zaintzak eta abar, gure bizkar geldituko dira". Borrokaren balioa aldarrikatu zuen: "gure borrokarekin haiek gelditzea lortuko dugu eta orain arte genuena, hori behintzat, berreskuratzea; arlo guztietan hobetzeko aukera baztertu gabe". Beste hizlari batek grebaren erantzunagatik bildutakoak zoriondu zituen. Baina "aspektu negatiboak" ere nabarmendu zituen: "hemen gaudenak beste eredu sozio-ekonomiko baten aldeko apustu argia egiten dugula suposatzen da. Aldaketa horrekin dugun konpromisoa erakutsi behar dugu kalean. Halako paseo-manifestazioekin ez gara oso urrun iritsiko, ez gara erreferente izanen". Manifestazio akaberan Guardia Civilen kontra harriak bota zituzten manifestari batzuk. Baina ez zen aparteko istilu gehiago izan. Langabeei deiaLangabezia arazo kolektiboa dela uste duten "lehenbailehen erantzun" beharra ikusi dute. Horregatik Sakanako Langabeen Asanblada sortzeko deialdia egin zuten asteazkenean. Lastailaren 26rako deitu dute aurreneko batzarra. L"angabetuen egoera ikusarazi" nahi dute. Horrekin batera, "lanaren banaketa eta oinarrizko errenta unibertsala" aldarrikatu nahi dituzte. Aurreko grebak2009-05-21 Lan eta gizarte eskubideen defentsan, euskal gehiengo sindikala.2010-06-29 Lan erreformaren kontra, euskal gehiengo sindikala.2010-09-29 Lan erreformaren kontra, UGTk eta CCOOk.2011-01-27 Pentsioen murrizketen kontra, euskal gehiengo sindikala. 2012-03-29 Lan erreformaren kontra, deialdi bateratua. 2012-09-26 Murrizketen kontra, lan eta gizarte eskubideak aldarrikatzeko. Euskal gehiengo sindikala.