Mank-eko garapen agentea lanean hasi da

Guaixe 2012ko irailaren 27a

Agorrilaren hasieratik lanean da Sakanako Mankomunitatean Iker Manterola Matxain, garapen agentea. Ibarreko krisi mahaiaren ondorioetako bat izan zen ibarrean garapen agentzia bat sortzea, "dinamizazio soizo-ekonomikorako erakunde bat sortu beharra ikusi zelako. Krisi garaian indar gehiago egiteko". Sakanako Garapen Agentziaren aurreneko lanak ibarraren diagnosi osatua egitea izanen da. "Cederna-Garalur diagnosi bat egiten hasi zen eta, orain gu, haiekin elkarlanean, diagnosi hori ahal den gehiena gizarteratu nahi dugu". Manterolak jakinarazi digunez diagnosi horren aurkezpenak herriz herri eginen dira, Sakanako Garapen Agentziaren aurkezpenarekin batera. Konponbiderako jarreraManterolak esan digunez, aurkezpen horietan "aterako dira Sakanako biztanleriak nola ikusten duen ibarra eta zein behar dituen. Horren gainean zer eta nola egin dezakegun, eraikitzen hasiko gara". Beraz, aurkezpenetara joaten direnak, edo e-postaz (garapena@sakana-mank.com) Manterolari zuzentzen zaizkionak, haien ekarpenak egiteko aukera izanen dute. Manterolak esan digunez, "diagnosiaren gainean eztabaidatuz hura aberastu nahi dugu. Uste dugu garapena ez dela agentzia baten lana, sakandar guztien jarrera bat da". Egun ditugun arazoei sakandarrok irtenbidea bilatu behar diegula adierazi du garapen agenteak, "ez baitira kanpotik etorriko". DiagnosiazIndar-guneak eta ahul-guneak ikusi dituzte Sakana aztertzerakoan. Aurrenekoen artean natur baliabideak, turismoak eskaintzen dituen aukera ugariak eta beste leudeke. Ahul-guneen artean ikerketa garapen handirik gabeko industria, beste tokitara joateko aukera gehien duena. Agenteak esan digunez, "garatzeko bide batzuk oso errazak ikusten ditugu. Beste batzuk, berriz, denbora gehiago emanen dutenak". Erraz gauzatu daitezkeen ekimenekin hasiko dira, turismoaren ingurukoak, esaterako. Industria dinamizatzearena, epe luzeagokoak dira eta horri nola heldu aztertuko dute. "Baina ekarpenekin aberatsuko dugu diagnosi hori".Laguntzarik ezSakanako Mankomunitateak 2 garapen agente kontratatu nahi izan zituen eta horretarako diru-laguntza eskaera egin zion Nafarroako Gobernuari, baina hark ukatu. Mank-ek bere funtsekin kontratatu dute Manterola. Ibarreko erakundeko ordezkariak gobernuarekin harremanetan daude, "deialdiko baldintza guztiak betetzen zirelako teknikarien kontrataziorako diru-laguntza jasotzeko". Mank-en jaso zituzten azalpenekin ez ziren ados gelditu. Herriz herriSakanako Garapen Agentziak gaur, 20:00etan, Etxarri Aranatzen aurkeztuko du bere burua. Gainera, ibarreko diagnosiaren berri emanen du, aurkezpenera bildutakoen ekarpenekin aberastu nahi lukeena. Iker Manterola Matxain agenteak jakinarazi digunez, herriz herri halako aurkezpenak egiten joanen dira. "Udalek eginen dute deialdia eta haien dinamikaren arabera izanen da aurkezpena".