Igandean sakandarren tropela kalera

Guaixe 2012ko irailaren 28a

Sakanako txirrindulazaleek hitzordu garrantzitsua dute igandean, Ziordian. Bertatik aterako da Sakanako XIX. Txirrindula Eguna, goizeko 9:00etan. Txirrindulari tropelak Irurtzun izanen du helmuga. Tartean, 41,3 kilometro dituzte; lehiarik gabe, lagun artean bizikletan gozatzeko ibilbide ederra. 240 txirrindularik eman dute izena. Joan zen urtean baino eguraldi hobea espero dute.Txirrindulariek egunsentiak hasiko dute eguna: 7:45ean autobusak eta kamioiak parte-hartzaileen bila pasako dira, Ziordirako bidean. Bertatik abiatuko da tropela, goizeko 9:00etan. Txirrindularien erronka Irurtzuneraino iristea izanen da. Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri, Arbizu, Lizarragabengoa, Lakuntza, Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta, Ihabar, Hiriberri, Satrustegi, Zuhatzu, Ekai, Etxarren eta Egiarreta zeharkatuko dituzte, Irurtzunera iristeko. Erdialdean, Lakuntzan, atsedena hartuko dute 11:00ak aldera. Antolatzaileek edaria banatuko dute. Helmugara 13:30 aldera iristea espero dute. Bertan autobusak eta kamioiak zain izanen dira parte-hartzaileak bueltan eramateko. Lehiarik gabeko lasterketa herrikoia Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eta  Aralar eta Burunda txirrindula taldeek antolatu dute. Haiek gidatuko dute tropela. Atzetik autobusa eta kamioia joanen dira, jarraitzerik ez duten doazen txirrindulariak hartzeko. Gainera, DYA, mekanikoa eta foruzainak bertan izanen dira, beharrezkoa denean laguntzeko.Parte-hartzaileak2012ko edizioan 239 txirrindulari eman dute izena. Sakanako herri gehienetako parte-hartzaileak izanen dira. Txirrindulari gehienak herri handienetatik datoz, esate baterako, Altsasutik (67), Etxarritik (44) eta Lakuntzatik. Baina herriaren tamainarekin batera, ikastetxeen inplikazioak eragin nabarmena du. Alde horretatik deigarria da bakaikuar (17) eta iturmendiarren (34) presentzia. Antolatzaileek antolatutako autobusa eta kamioia erabiltzeko beharrezkoa zen aurretik izena ematea. Hala ere,  egunean bertan haien herrian tropel handiarekin bat egiten dutenak ere izanen dira.Ez ahaztuParte-hartzaileek kaskoa eta ogitartekoa eraman behar dute. Ongi doitutako mendi-bizikleta eramatea gomendatzen da.