Gudariak gogoan, akordio politiko eta demokratikoaren eskaera

Guaixe 2012ko irailaren 28a

Sakanako ezker abertzaleak ehun bat pertsona bildu ziren atzokoan Altsasun, Gudari eguneko ekitaldian. Udaletxe aurrean ordu erdiz kontzentratuta egon ondoren, plazan egin zen ekitaldia. Ezker abertzaleko eledunak esan zuenez, "heriotza eta biolentzia izan da hamarkada ezberdinetan askatasuna lortu nahi izan dugun guztion zoritxarreko bidaia-kide". Gaineratu zuenez, "faxismoari aurre eginez, askatasun demokratikoak konkistatu nahian, errepresioaren eta ukazioen kolpeei duintasunez aurre egin zieten guztiak gureak direlako, edozein antolakunde eta garaikoak direlarik, askatasunaren aldeko konpromisoak ekarri gaitu honaino eta irekiko ditu eskenatoki beri baten ateak". Ziurtatu zuenez, askatasunaren alde egin zutenen konpromisoa ezker abertzaleak bere egiten du. Gatazka konpontzeko lan eginen dutela ziurtatu zuen ezker abertzaleko bozeramaileak. "Gatazkaren arrazoiak politikoak eta ondorioak politikoak direnez, akordio politikoa eta demokratikoa ahalbidetuko duen akordioaren alde lan eginen dugu". Gaineratu zuenez, "akordio politikoak konponbide justua eta partekatua zehaztuko du. Ondorengo bizitza demokratikoak ahalbidetuko du bakea".