Beste hiru puntu Lagun Artearendako

Guaixe 2012ko urriaren 1a

3. maila. 6. jardunaldia: Lagun Artea 2 - Lagunak 0Itxura ona eman zuen Lakuntzako taldeak igandean etxean Lagunak taldearen kontra jokatutako lehian. Egia esan, lehen zatia nahiko aspergarria izan zen, oso gol aukera gutxi izan ziren eta partidan ez zegoen dominatzaile argirik. Baina bigarren zatian motibatuago zelairatu ziren lakuntzarrak, hiru puntuak lortzeko asmoz. Lagun Arteak dominatu zuen baina azken minutuetaraino itxaron behar izan zen golak ospatzeko. Palomo eta Unai Bakaikoari esker 2-0 irabazi zuen Lagun Arteak. Cirbonero da 3. Mailako liderra, 16 punturekin. Lakuntzarrak 9.ak dira, 9 punturekin, gutxinaka puntuak pilatuz. Larunbatean Iruñean jokatuko du Lagun Arteak, sailkapenean puntu bat gutxiago duen Iruña taldearen kontra. Partida konplikatua, hirugarren mailako guztiak bezala. Erregional maila. 3. Jardunaldia. 4. Multzoa: Lagunak 3 - Altsasu 1 / Etxarri Aranatzek atseden jardunaldiaAltsasuk garaipena zer den ezagutu gabe jarraitzen du. Barañainen Lagunak taldearen kontra jokatutako lehian 2-0 gailendu ziren iruñerrikoak, sufrimendu handiz. Izan ere bikain aritu ziren Jose Antonio Claver entrenatzailearen eta haren laguntzaile Francisco Jose Gomezen aginduetara entrenatzen duten jokalari altsasuarrak. Ongi aritu ziren altsasuarrak, erasoan, baina Lagunak taldeak altsasuarren erasoei erantzun eta partida bere aldera ematera lortu zuten, 3-1 gailenduz. Altsasuarrak ez zuten galtzea merezi izan, baina erakutsitako joko onarekin etorriko dira garaipenak. Sailkapen orokorrean San Juan da liderra, 9 punturekin. Altsasu 13.a da, punturik gabe. Etxarri Aranatzek atseden jardunaldia zuen, eta sailkapenean 10.a da, 3 punturekin. Hurrengo asteburuan laugarren jardunaldia dago jokoan. Etxarri Aranatzek Lagunak taldea hartuko du larunbatean San Donato zelaian eta Altsasuk sailkapenean 2.a den Amaya taldearen bisita izanen du larunbatean Dantzalekun.