Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
240 txirrindulari sakandar inguru iritsi ziren Irurtzunera, igandean, 13:15ak aldera. Ibarra zeharkatu ondoren merezitako atsedena hartu eta izozki batekin aho zapore ederragoa gelditu zitzaien. Izan ere, ikusgarri zegoen ibarra. Goiz-goizeko hotzak bazterrean utzita eguzkia lagun izan zuten txirrindulariek goiz guztian. Goizeko hotzagatik tropel guztia ez zen Ziordian bildu, baina herriz-herri martxara batu zitzaien. Adin guztietako sakandarrak animatu ziren XIX. Sakanako Txirrindula Egunean parte hartzera. Izan ziren, gurasoen txirrinduletan jarritako aulki eta gurditxoetan parte hartu zutenak. Bidearen zatitxo bat egitera ere familia bat baino gehiago animatu zen. Eta zeresana eman zuen lizarragatar baten bizikleta elektrikoak. Lakuntzako atsedenaldian antolakuntzak freskagarriak banatu zituen. Bidean erorikoren bat izan bazen ere, susto txikiak besterik ez ziren izan eta txirrindulari guztiek onik egin zuten aurrera. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak txirrindularen eguneko balorazio ona egin du "eguraldi bikaina eta giro ederra izan zelako ibilbide guztian zehar".