Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Munduko Txapelketa. Aragoiko Sari Handia. Moto 21.Pol Espargaro (Pons 40 HP Tuenti): 40´25.26019.Alex Mariñelarena (Targo Bank CNS Motorsport): +30.579Alex Mariñelarena pilotu irurtzundarrak esperientzia ahaztezina bizi du asteburuan Aragoin. Munduko Txapelketako proba hartu du Aragoiko Motorland zirkuituak, Aragoiko Sari Handia. Espainiako Abiadura Txapelketan ematen ari den maila bikainagatik aipatu Munduko Txapelketan parte hartzeko Wild Card gonbidapena jaso zuen gazte irurtzundarrak eta egoki probestu du aukera. Munduko pilotu handiekin batera lehiatu da, Moto 2 mailan, eta merituzko 19. postuan bukatu zuen proba, Pol Espargaro garailetik 30 segundora. Esperientzia bikainarekin liluratuta gelditu da, eta hurrengo urtean Munduko Txapelketan parte hartu ahal izateko beharrezkoak diren ate guztiak ukituko ditu bere taldeak egunotan. Oso zaila, baina ez ezinezkoa. "Oso kontentu nago esperientziarekin. Munduko Txapelketa, Espainiakoarekin alderatuta, sekulako muntaia da bai pilotuei begira, taldeei begira, paddock-ari begira... Maila ezberdina da, eta egitura oso sendoak. Munduko Txapelketako talde okerrena sekulakoa da. Bertan egotea oso positiboa izan da" dio Alex Mariñelarenak, asteburuko esperientziaren berri ematerakoan. Espainiako Abiadura Txapelketako Moto 2 mailan daraman primerako ibilbideari esker - momentuz sailkapen orokorrean laugarrena da, hirugarren sailkatua den Kenny Noyesengatik puntu eskas batera - Munduko Txapelketako baliagarria zen Aragoiko Sari Handian aritzeko gonbidapena jaso zuen. "Gonbidapena denez, zu zure taldearekin zoaz, zure ohiko motorrarekin. Piloturen bat ordezkatzeko gonbidapena balitz haren taldearengana joanen zinateke, talde handia, baliabide askorekin... baina, ni nire ohiko taldearekin eta nire aurtengo motorrarekin joan nintzen" azaldu digu. Mugak gaindituz 19.aEspainiako txapelketan Michelin gurpilak erabiltzen dituzte, eta Mundukoan Dunlop. Asteburuan probatu zituen gurpil berriak. Entrenamenduetan euria egin zuen eta euriko gurpilekin aritu ziren lanean, bere lehen aldia zen aipatu euritako gurpilekin aritzen zela. Baina lasterketa egunean lehorra zegoen, eguraldi lehor baina haizetsua, eta lehorreko gurpilekin lehiatu zen. "Puntako pilotuekin aritu ginen lanean. Espargaro, Marquez, Redding... oso onak dira, baina urte osoa dute euren motorra puntuan jartzeko. Guk, aldiz, probarako propio motorra ajustatu behar izan genuen, gurpilak ezberdinak ziren, eta horrek eragina du gidatzerakoan. Baina egindako lanarekin kontentu nago, puntako pilotu batzuk baino hobe sailkatu nintzelako. Hiru erorikoak kontuan hartu gabe beste 11 pilotu sailkatu ziren nire atzetik, batzuk puntakoak. Jordi Torres, Espainiako Txapelketan lehena doana, 8.a sailkatu zen. Hortaz, ezin nahiz kexatu baina beti egin nahi dituzu gauzak hobe" dio irurtzundarrak. Munduko Txapelketarekin ahozabalik geratu da Alex eta bertan aritu nahiko luke. "Egunotan nire taldea hurrengo denboraldian Munduko Txapelketan egon ahal izateko beharrezkoak diren ate guztiak jotzen ariko da. Izugarri gustatuko litzaiguke bertan aritzea, ikasteko. Bestela, Espainiako Txapelketan lehiatzen jarraituko genuke. Baina argi dago gora egin ahal izateko ikasi behar dela, eta non hobe puntako kategorian baino. Ea posible den" dio Mariñelarenak. Espainiako Txapelketako podiuma jokoanBitartean azaroaren 18an Valentzian jokatuko den Espainiako Txapelketako azken lasterketa buru-belarri prestatzen dabil irurtzundarra. Sailkapen orokorrean 4.a da eta puntu eskas bateko diferentzia du 3.a den Noyesekin. Txapelketa podiumean despeditzeko aukera asko ditu Mariñelarenak eta horretarako guztia ematera atera beharko da Valentzian. Ea lortzen duen.