Udazkena hasi zen egunean bertan ibarreko udal ordezkariak bildu ziren Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan. Xabier Erbiti Saizarrek (Lurgeroa S.L.) eta Juanjo Murillok (Orma ingenieros) Sakanan baso-biomasa erabiltzeko bideragarritasun plana aurkeztu zieten. Baso ordenamendua duten udalak hartu zituzten ikerketarako, horregatik, kanpoan gelditu ziren Arakil, Irurtzun eta Irañeta.
Erbitik eta Saizarrek jakinarazi zutenez, urteko 15.732 baso-biomasa sortu daitezkeela Sakanan. Kalkulua egiteko orduan orain arte beste erabilerarik izan ez duen egurra hartu da kontuan, herrietan banatzen diren loteak baztertuz. Baso-biomasak bertako baliabideak erabiltzeko aukera ematen duela azaldu zuten.
Bi txostengileek azaldu zutenez, "azkenaldian biomasaren erabileraren inguruan aldian aldiko legedi aldaketak etorkizuneko proiektuak erabat baldintzatzen dituzte. Energia sorkuntzaren inguruko gain-sariak kentzea eta zergen igoerak proiektu askoren bideragarritasuna zalantzan jarri dute".
Abantailak
Ziurgabetasun juridikoa eta finantziazioa lortzeko arazoak nagusi diren testuinguruan, "bero sorkuntzara bideratutako proiektu txikiak dira egingarrienak" ziurtatu zuten. Esaterako, egur ezpalezko galdarak. Azaldu zutenez, eredu horrek hainbat tokitan ezarri daitezkeen azpiegituren ereduak sortzen ditu.Gainera, neurriko inbertsioa eta biomasaren erabilera modu gradual batean ezartzen du.Udal ordezkariek gogo onez hartu zituzten entzundakoak.
Gaur egun erabilpenik ez duen egurraren erabilera sustatzearen alde agertu ziren. Udal bakoitzak erabakiko luke bere dermioan sortutako baso-biomasari zer erabilera eman: ezpalak saldu, elektrizitatea sortu... Esaterako, ibarreko udal guztiek Orkoiengo enpresa baten eskaintza jaso dute. 10 urterako konpromisoa eskatzen duena. Bestalde, sortu ahal ditzakeen lanpostu eta diru-sarrerak ere aipatu ziren bileran. Sakanako Garapen Agentziak proposamen zehatza eginen du eta etorkizunean bilera gehiago eginen dira.
Herria Biomasa gordina Biomasa garbia
(%50eko hezetasuna)* (%30eko hezetasuna)**
Uharte Arakil 1.548 1.270
Arruazu 53 43
Lakuntza 273 224
Arbizu 1.485 1.218
Unanu 1.287 1.056
Dorrao 2.081 1.707
Lizarraga 2.001 1.641
Etxarri Aranatz 1.774 1.455
Bakaiku 682 559
Iturmendi 715 586
Urdiain 873 716
Altsasu 2.703 2.217
Olatzagutia 1.992 1.633
Ziordia 1.717 1.408
Guztira: 15.732 tona
* Egurra basoan moztu berria, etxetarako egur loteak kanpo utzita.
**Egurra naturalki lehortu ondoren, etxetarako egur loteak kanpo utzita.