Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bost aizkolarik lortu zuten finalerako txartela: Floren Nazabalek, Donato Larretxeak, Jon Rekondok, Antonio Senosiainek eta Ander Erasunek. Aizkolari bakoitzak 12 enbor erdibitu beharko ditu: 4 kanaerdiko, 4 60 ontzako eta 4 oinbiko.Katedrak Nazabal jotzen du faborito, baina etxarriarrak lan handia egin beharko du preziatutako txapela janzteko. Finala etxean jokatzeak lagunduko dio, zaleak, behintzat gertu sentitu eta alde izango baititu. Gainera, gogoan izan behar da iaz Floren Nabalek ezin izan zuela Nafarroako txapelketan parte hartu, hain zuzen ere aipatu probarako Etxarriko kanporaketarako egurrak prestatzen ari zela garajeko atea hautsi eta gainera erori zitzaiolako. Hankan mina hartu eta txapelketatik kanpo geratu zen. Arantza hori kentzeko aukera izango du etzi etxarriarrak. Orain arte Nafarroako I. mailako 6 txapela lortu ditu Etxarriko txapeldun handiak eta zazpigarrena janzteko irrikitan dago. Gainera, txapela etxean janztea are politago litzateke etxarriarendako, feriak hobe ospatzeko aitzakia ederra. Ea lortzen duen.