Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako 1. Mailako Aizkora Txapelketa1.Floren Nazabal: 30:392.Jon Rekondo: 35:583.Ander Erasun: 36:364.Antonio Senosiain: 39:39*Donato Larretxea erretiratu egin zen 7. enborra erdibitu eta gero. Bost aizkolari lehiatu ziren Etxarriko ferietan antolatutako Nafarroako Lehen Mailako Aizkora Txapelketan: Floren Nazabal etxarriarra, Donato Larretxea, Jon Rekondo, Ander Erasun eta Antonio Senosiain. Bakoitzak 12 enbor erdibitu behar zituen: 4 kanaerdiko, 4 60 ontzako eta 4 oinbiko.Nazabal zen faborito nagusia eta etxarriarrak ez zuen huts egin. Hasieratik dominatu zuen proba eta enbor bakoitzean aldea gehituz joan zen. Lan guztiak ordu erdi pasan egin zituen (30:39), sekulako maila emanez. Bost minutu atera zizkion Jon Rekondori (35:58). Leitzarrak oso borroka estua izan zuen Ander Erasunekin, baina azkenean bigarren postuari eutsi zion. Erasunen lan bikaina (36:36), ordea, eguneko sorpresetako bat izan zen, 22 urteko gazte hau aurretik Juanjo Lopez aizkolaria kanporatzetik baitzetorren. "Oso gaztea da, baina gogo asko ditu. Kilo batzuk falta zaizkio, bizpahiru urtetan garatuko da" zioen bere prestatzaile Mindegiak. Bukatzeko, Antonio Senosiain izan zen laugarrena (39:39). Donato Larretxeak eman zuen finaleko beste sorpresa, 7. enborrean erretiratu egin behar izan baitzen, gerrian zituen arazoengatik. "Ez naiz behar bezala prestatu, baina urteek ere bere pisua dute" adierazi zuen 52 urteko arantzarrak. Nazabal pozik zegoen bere 7. txapelarekin. Finalean jaun eta jabe ikusi zitzaion 43 urteko etxarriarrari, baina bere esanetan "ez dago txapela errazik". Aurten Urrezko Aizkora eta Nafarroakoa irabazi ditu eta urriaren 20an Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako finala jokatuko du. Baina azaroan Arbizun jokatuko den Euskal Herriko Txapelketako finala da bere gertuko erronkarik potoloena. "Borroka handiagoa da hori, baina hilabete pasako tartea dut prestatzeko" adierazi zuen. Bestetik, Rekondok eta Erasun gazteek salto garrantzitsua eman dutela gaineratu zuen. Made in EtxarriZeresana eman zuen Floren Nazabalek finalean erabili zuen aizkorak. Normalean aizkora australiarrak erabiltzen dituzte aizkolariek, baina Nazabal Etxarrin sortutako aizkora batekin aritu zen, FN markakoa, bere inizialena, hain zuzen. Nola ekarri Australiako aizkorak altzairuaren erreinuan? pentsatu omen zuen Jesus Etxarri etxarriarrak. Eta, horrela, materialen nahasketa ongi aztertu ondoren, bailarako fundizio batetan sortu zuten Nazabalek erabilitako aizkora. Etxarri izan da sustatzailea, baina Nazabal arduratzen da mekanizazioaz eta komertzializazioaz. Momentuz, bada, primerako emaitza eman du.