Galdu, baina ongi jokatuz

Guaixe 2012ko urriaren 8a

3. maila. 7. Jardunaldia: Iruña 2 - Lagun Artea 1Galdu, baina ongi jokatuzAzkenaldiko bolada ona eten zuen Lagun Arteak Orkoienen, Iruñaren kontra 2-1 galdu eta gero. Lehen zatian ikuskizun polita eman zuten bi taldeek, gol aukera ugarirekin. Horietako batean Cruzek aurreratu zuen Lagun Artea, sekulako golarekin. Bigarren zatia ikusgarria izan zen, afizioa sortzen duten horietakoa. Iruñakoak berdinketaren bila atera ziren, aurreratuz, eta kontraerasoan gola sartzeko aukera izan zuten lakuntzarrek, baina ez zen posible izan. Lagun Artearen kontrako penalty bati esker lortu zuten berdintzea Iruñakoek. Hortik aurrera garaipenaren bila aritu ziren bi taldeak, jokaldi ikusgarriekin, baina azkenean hiru puntuak Orkoienen geratu ziren. Nahiz eta galdu, itxura oso ona eman zuten lakuntzarrek eta horrekin konformatu beharko dira. Mutilbera da 3. Mailako lider berria, 17 punturekin. Lagun Artea 9.a da, 11 punturekin. Igandean etxean jokatuko dute lakuntzarrek. Hain zuzen ere Mutilbera liderra hartuko dute Zelai Berrin. Ea Lagun Arteak garaipenaren senda berreskuratzen duen zaleen laguntzarekin. Erregional maila. 4. Jardunaldia: Etxarri Aranatz 2 - Lagunak 2 / Altsasu 0-Amaya 0Berdinketak San Donaton eta DantzalekunEtxarri Aranatzek Barañaingo Lagunak taldea hartu zuen larunbatean. Partida hasi eta berehala, 6. minutuan, Lagunak taldea aurreratu zen. Gola sartuta atzera egin zuten barañaindarrek eta hor heldu ziren etxarriarren gol aukerak. Azkenean, atsedenaldira joan baino lehen, berdintzea lortu zuen Arratibelek. Bigarren zatian erasora atera zen Etxarri. Partida dominatzen zuten etxarriarrek, baina gol aukerak ez zituzten borobiltzen. Tamalez, eta kontrako atera iritsi ziren aldi bakarrean, atzera ere aurreratu egin ziren Lagunak taldekoak. Zorionez, etxarriarrek berdintzea lortu zuten 90. minutuan, Rubiok corner baten ondorez lortutako golari esker, baina, egia esan, Etxarrik irabaztea merezi izan zuen. Zapore gazia izan zuen berdinketaren puntuak. Altsasun ere berdinketa izan zen larunbatean. Altsasu eta Amayari kosta egin zitzaien partidan sartzea, baina gutxinaka altsasuarrek egoerari buelta eman eta gol aukerak sortzea lortu zuten. Baina baloia ez zen kontrako atean sartzen. Bigarren zatian Amayak gol aukera aparta izan zuen, baina Gorka atezainak, jokaldi bikainean, jaurtiketa urruntzea lortu zuen. Azken minututan Altsasuk dena eman zuen erasoan, aukera bikainekin. Horietako batek zurtoinera jo zuen. Tamalez, markagailua ez zen mugitu eta husnako berdinketarekin despeditu zen lehia. Sailkapen orokorrean San Juan da liderra (12 puntu). Etxarri Aranatz 9.a da, 4 punturekin, eta Altsasu 13.-a, puntu bakarrarekin. Asteburuan Leizkaruren kontra lehiatuko da Altsasu, eta Amaya izanen du arerio Etxarri Aranatzek.