Foruzaingoak ustezko autoen lasterketa ilegala ekidin zuen Urbasan

Guaixe 2012ko urriaren 10a

Foruzaingoak ohar bidez azaldu duenez, Altsasuko polizia etxeko agenteak, Bide-Segurtasuneko hiru patruilen laguntzarekin, dispositibo berezia jarri zuten martxan larunbat gaua eta igande goizaldera bitartean Urbasan, Urbasako gainean nonbait ospatzekoa zen auto lasterketa ilegala ekiditeko. Oharrean jasotzen da Foruzaingoak hainbat dei eta informazio jaso zituela aipatu lasterketa egitekoa zela aipatzen zutenak. Horrela, Urbasako gainaren gertuko errepidean, NA-7183 errepidean, kontrola jarri zuten, lasterketa ekiditeko. Foruzaingotik aipatu denez, goizaldeko ordu batetan 75 ibilgailu inguru geldiarazi zituzten, nonbait aipatu lasterketan parte hartzera zihoaztenak, denek antzeko ezaugarriak eta zilindrada zituztelako. Kontrolaren ondorioz droga proban positibo emateagatik bi salaketa jarri zituzten, beste bat baimendutako alkohol tasa gainditzeagatik, beste lau trafikoaren inguruko materiengatik eta beste bi gehiago hiritarren segurtasunarekin zerikusia zutenak.