Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udaletan batzordea sortu eta herritarrei ereduen inguruko informazioa ematea eskatu dute. Hiru hilabeteren buruan gaiaren inguruko herri galdeketa loteslea proposatu duEtxarri Aranazko NaBai eta Altsasuko NaBai (EAJ eta independenteak) atzo mozioak aurkeztu zituzten udaletxean, udalak azter ditzan. Mozioko hiru eskaeren berri prentsaurrekoan eman zuten Migel Anjel Goñi etxarriarrak eta Santi Luceño eta Unai Hualde altsasuarrek. Geroa Bairen inguruko zinegotziek udalek Sakanako Mankomunitateari eskaera bat egitea proposatu dute: hondakinak atez ate biltzeko sistema ezartzeko duten planak sei hilabetez atzeratzea, 2013ko irailera arte. Koalizioko zinegotziek argudiatu dute udalen esku dagoela hondakinen bilketa zerbitzua kudeatzea eta udalek beraiek eskumen hori Mank-en delegatzea erabaki zutela. "Beraz, zerbitzu hau prestatzen den moduan hainbeste garrantzi izanen duen erabaki batean udalaren jarrera kontuan izatea ezinbestekoa izan beharko litzatekeela uste dugu". Bestalde, EAJ eta independenteak nabarmendu zuten "atez ateko sistemaren ezarpenak ekarriko duen diru aurreztea Nafarroako Hondakin Partzuergoak tratamendu kostuen inguruan duen jarreraren araberakoa izanen da. Esparza kontseilariaren borondatearen mende dago". Bestalde, udal mapa berrantolatzeko proposamena ere mahai gainean dago eta bi arrazoi horiek ere erabakia atzeratzea justifikatzen duela uste dute. Parte hartzeaKoalizioko zinegotziek Etxarri Aranazko eta Altsasuko udalen jarrera zehazteko herritarren parte hartzea proposatu du. Horretarako udaletan batzorde bana osatzea eskatu dute mozioan. Bi helburu lituzke. Batetik, "herritarrei eredu honen eta dauden alternatiben inguruko informazioa ematea". Eta, bestetik, "hurrengo hiru hilabeteotan herrian herri-galdeketa deitzea, herritarrak sistema hori jartzearekin ados ote dauden jakiteko". Kontsulta loteslea izatea ere eskatzen dute. Zinegotziek azaldu dutenez "hondakinak atez ate biltzeko sistemak "eguneroko bizimoduan aldaketa sakonak egitea suposatzen du. Bukatu eginen litzateke zakar poltsak bakoitzak egoki jotzen duen orduan botatzeko askatasuna. Egutegia zorrotz jarraitu beharko litzateke". NaBaik bere programan herritarrek udal erabakietan parte hartzeko bideak sustatzea helburu duela gogora ekarri zuen. Altsasun Herritar parte hartze batzordea horretarako erabil litekeela nabarmendu zuten. Altsasun aurrekari gisa festen inguruan egindako herri galdeketa edo azokaren kokapenaren inguruan zabaldu zen kontsulta epea jarri zituzten parte hartzearen adibide gisa. Gipuzkoan hondakinak biltzeko sistemen inguruan sortu den eztabaidaren inguruan aipatu zinegotziek gogorarazi dute bestelako sistemak badaudela, esaterako, 5. edukiontzia. Gogorarazi zutenez, aldameneko probintzian atez atekoaren ezarpena "ez dela baketsua izaten ari egunerokoan sorrarazten duen ohitura aldaketagatik". NaBai-AralarAltsasuko NaBaiko zinegotzi eta Aralarko kide den Asun Fernandez de Garaialde Lazkanok esan digunez, bere udal taldekideek mozioaren berri erregistroan aurkeztu ondoren jakinarazi diote. "Niri ez didate aurkeztu, ez didate kontsultatu". NaBai-Aralarrek mozioa aztertu eta dagokionean iritzia emanen duela gaineratu du.