Mank eta Arbizu Udala akordioa lortu dute sare baten erabilera partekatzeko

Guaixe 2012ko urriaren 9a

Arbizuko hondakindegian lixibiatuak hartzeko tratatzeko baltsa berria eginen da. Handi ateratako ur zikinak Lakuntzako araztegira eraman behar dira eta horretarako hodi sare bat egin beharra zuen Sakanako Mankomunitateak. Baina Arbizuko Udalak erabiltzen ez zuen sare bat zuela kontuan izanik Nafarroako Gobernuak hura erabiltzeko aholkatu zuen. Hori dela eta, Sakanako Mankomunitateak eta Arbizuko Udalak kontratua sinatu dute. Horren arabera, udalak mankomunitateari hodi bat erabiltzeko eskubidea ematen dio, betiko. Hodiaren erabilera eskubidearen %80 ibarreko erakundearen esku geldituko da eta gainontzekoa udalaren esku, industrialdeko ur zikinak eramateko edo etorkizunean izan daitezkeen beste garapen batzuetarako. Akordioagatik Arbizuko Udalari 23.000 euro ordainduko dizkio mankomunitateak, lanetan aurreikusitakoa. Nafarroako Gobernuak oniritzia eman zion operazioari eta Mank-eko batzarrak aho batez onartu zuen. IKT bidezko zerbitzuaOrdenantza elektronikoa indarrean jartzeko hasiera onarpena egin zuen Sakanako Mankomunitatearen batzarrak, aho batez. 2007ko lege baten aplikazioa eginen du ibarreko erakundeak. Horrela, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) erabiliz herritarrek zerbitzu publikoetara sarbidea izateko aukera izan dezaten. Hemendik aurrera Mank-ek erabaki beharko du zein prozedura eta ekimen administratibo egin ahalko diren Internet eta sinadura elektronikoaren bidez.