NaBairen programa garatuko dute Aralarrek eta Geroa Baik

Guaixe 2012ko urriaren 10a

Iruñeko Udalean eta Nafarroako Parlamentuan NaBai koalizioko kideen artean izan den urruntzearen ondoren, NaBaiko kideak egoera aztertzeko eta udaletan izanen duen eragina aztertzeko bildu dira, nor bere alde. Aralarrek alde batetik eta Geroa Baik bestetik, biek ere adierazi dute hauteskundeetara aurkeztu ziren NaBairen programa aplikatzen segituko dutela. Aralarko zinegotziak larunbatean bildu ziren. "EAJtik hurbil dauden independenteak beste ildo edo estrategia bat segitu nahi badute, NaBaitik atera behar dute eta zein programa ari diren defendatzen azaldu dezatela, NaBairen aterkitik kanpo". Aralarrendako NaBairen programa "ezkerrekoa eta abertzalea da. Geroa Bai eta EAJ-PNV zentro-eskuinekoak dira". Geroa Bai koalizioko zinegotziak astelehenean batzartu ziren. Geroa Baiko zinegotziek "ezkerreko eta aurrerakoia den proiektu baten alde apustu egiten" segituko dute. Koalizioak "zerbitzu publikoen aldeko apustu sendoa, politika fiskalaren aldaketa eta enplegu arloan neurri aurrerakoien alde egiten du". Geroa Baik udaletan eta parlamentuan lan egiten jarraituko du "UPNren gobernu alternatiba sortzeko; gero eta gertuago dagoen aukera". SakanaNaBaik pasa den urteko maiatzeko hauteskundeetan 18 zinegotzi lortu zituen. Irurtzunen 7, Etxarri Aranatzen 3, Altsasun 4 eta Ziordian 4. Geroa Bairen ildokoak Etxarrikoak, Altsasuko 3 eta Ziordikoak dira. Irurtzunen Aralarko kideren bat badago ere, gainontzekoak IrurtzunBairen aldeko apustua egiten dute.