Promozioan sakandarrik gabe

Guaixe 2012ko urriaren 15a

Promozioko Lau t´erdiko Txapelketako final zortzirenetako kanporaketa hartu zuen igandean Arbizuk, Txistor Egunaren harira antolatutako jaialdian. Bi sakandarrek zuten txapelketan aurrera egiteko aukera, Jose Javier Zabaletak eta Joseba Ezkurdiak. Giro ederra zegoen frontoian eta, jakina, zaleak sakandarren alde. Baina ez batak ez besteak, Promozioko txapelketan sakandarrik gabe geratu gara. Lehen partidan Jon Apezetxea izan zuen arerio Jose Javier Zabaletak. Partida binako berdinketarekin zioanean pilotakada galanta jaso zuen Apezetxeak; ebakitik odol asko atera zitzaion eta aldageletatik pasa behar izan zuen leitzarrak. Kantxara bueltan etxarrendarra izan zen hobeto aritu zena, 7-12 aurreratuz. Baina hortik aurrera Apezetxeak egoerari buelta eman zion, sekulako erremontada egin eta 22-13 gailendu zen leitzarra, Zabaleta txapelketatik kanpo utziz. Hortik aurrera Joseba Ezkurdiarengan zeuden esperantza guztiak. Gorkaren kontra aritu zen arbizuarra. Partida oso lehiatuan parez-pare ibili ziren biak, baina partidako azken txanpan Ezcaraykoak gehiago asmatu zuen, eta, bukaeran, 22-20 gailendu zen Gorka. Tamalez, Ezkurdiak jaioterrian ez zuen irabazterik izan.