Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dakigunez azken urteotan eraikuntzak beherakada izugarria jasan du. Honen ondorioz, sektore honetan eraikinak zahar berritzeari ekin diote. Hau oso gai interesgarria iruditzen zait hainbeste maite dudan egur mundua garrantzi handia hartzen hasi delako. Gure eskualde honetan eraikuntza arloan egurrak beti garrantzi handia eduki du, izan ere, orain dela urte gutxi arte gure arbasoek eraikin egiturak egiteko egurra erabiltzen zuten harrizko hormez lagunduta. Beraz, zein izan da azken 40 urteotan gure basoengan hazi den material honi bizkarra ematearen arrazoia? Argi dago, denbora gutxian hormigoiak eta altzairuak ikaragarrizko arrakasta izan dutela. Gainera, material hauek nolabaiteko iraunkortasun konfiantza eman dezakete, aldiz egurra usteldu egiten da eta mantenu handia behar izaten du. Baina hau ez da guztiz egia, esate baterako, altzairua nahiko berria da gure gizartean. Adibide gisan, Parisen dagoen Eiffel dorre famatua jarriko dut. Hau 1889an eraiki zen eta altzairuzko egiturarekin egindako lehen erreferentzia garrantzitsuetakoa da. Gaur egun zutik jarraitzen du, baina mantenu handia behar du herdoiltze arazoak eragozteko. Hormigoiaz zer esanik ez dago, bere biziak mende bat ere ez dauka. Nahiz eta hain material iraunkorra iruditu, hainbat adibidetan ikus daitekeen bezala, bere altzairuzko barne egitura ere herdoildu egin daiteke arazo handiak sortuz. Egurraren ingurura itzultzen bagara, Europako ipar herrialdetan ikus ditzakegu mendetan zehar zutik egon diren eraikin anitz. Baina hain urrun joan gabe Euskal herrian ere baditugu urte asko iraun duten adibide asko. Horietako bat Aguraingo Santa Maria eliza da, hau XVI. mendean eraiki eta duela 5 urte zaharberritu zen. Iraupen honen sekretua egurra lehor mantentzea da, hau da, urarekin edozein kontaktu eragozten duen babes eta aireztapen egoki bat edukitzea iraunkortasun isla da.Andoni Igoa Nazabal