Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak 2012-2013 denboraldiko Nafar Kirol Jolasen aurkezpena egin zuen asteazkenean Nafarroako Kirol eta Gazte Institutuko zuzendari Pruden Indurainek. Aurten 20.000 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute Nafar Kirol Jolasetan, tartean sakandar askok. Jakina denez, kirol klubetako partaide diren 10 eta 17 urte bitarteko ikasleek parte hartu ahal dute bertan. Nafar Kirol Jolasen helburua gazteengan kirola sustatzea da; antolatutako kirol ekitaldi eta txapelketetan geroz eta gazte gehiago aritzea da asmoa, eta horretarako kirola praktikatzearen onurak aipatzen ditu kanpaina. Bestalde, nesken parte hartzea bulkatu nahi da, mutilena baino baxuagoa delako, eta kiroletan joko garbia eta kiroltasuna sustatu nahi ditu. Horrela, Nafar Kirol Jolasetan makina bat txapelketa antolatzen dira, 29 kirol diziplinako 48 modalitateko txapelketa, zehazki. Nafarroako 29 federaziok parte hartzen dute antolaketan. Aurten 48 kirol modalitate jokatuko dira, tartean futbola, saskibaloia, pilota, txirrindularitza, duatloia, triatloia, areto futbola, gimnasia erritmikoa, herri kirolak, judo, karatea, eskalada, igeriketa, irristaketa, taekwondoa, tenisa. Txapelketako partidak larunbatetan jokatuko dira eta ikasturte osoa iraungo dute. Aurtengo Nafarroako Kirol Jolasen irudia edo logoa Kukuxumusuk egin du.