Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Garapen Agentziak antolatuta, hilaren 5ean, ibarreko EHNE, Belardi, Lugorri, Amai taldea eta Sakanako Mankomunitateko ordezkariak Urduñara joan ziren. Bizkaiko udalerrian nekazaritza eta abeltzaintzaren inguruan lanketa berezia egin dute eta lehen sektorea sendotzea eta biziberritzea lortu dute. Urduñan bisitan izan ziren sakandarrek bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten duela 8 urte abiatutako prozesuaren ondorioak. 2004an Urduñako udalak plan estrategikoa egin zuen eta lehentasunen artean nekazaritza eta abeltzaintza zeuden. Urte berean, bestalde, Abeltzain elkartea sortu zen. Udal planaren bidez ustiategien errentagarritasunaren inguruan lan egiten hasi ziren. Hala, lurrari loturiko nekazaritza eta abeltzaintzaren bidetik hainbat ekimen eta proiektu garatu dituzte: baserritarren kontuak aztertu non diren errentagarri eta non ez jakiteko; prestakuntza ikastaroak; kontsumo taldea edota azoka berreskuratzea. Elkarlanak, prestakuntzak eta aurrera egiteko asmoak fruituak eman dituzte eta ustiategiak errentagarriago egin dituzte Urduñan, erreleboa eman da baserrietan eta lurretik bizitzeko duintasuna jaso dute eta lehen sektoreari etorkizuna eman diote. Urduñan bisitan izan ziren sakandarrak non ikasi badutela pentsatuz bueltatu ziren. Informazio gehiago