Sakantzen Sareak ikasturteko lan ildoak zehaztu ditu

Guaixe 2012ko urriaren 18a

Lantaldeek proiektuak, Sakanako Ezagutzaren Gizarte-Funtsarekin lotutako proba pilotua eta hainbat jarduera osagarri zehaztu dituzteSakandarrei dei egin diete sarean parte hartu edota laguntzeko, "ibarra pairatzen ari den krisi ekonomiko larriari denok batera irtenbide bat bila diezaiogun"Sakantzen Sareak, Sakanako Garapena Sustatzeko Gizarte-Sareak, ibarreko garapenaren sustapenerako sare soziala izan nahi du. Jende sare bat, beraien ezagutzak, esperientziak eta gogoak partekatzen eta konbinatzen dituztenak, beti ere Sakanako garapena sustatzeko. Ibarrak bizi duen krisiaren larritasunagatik sortu zen eta garagarrilaren 2an Altsasun egindako jardunaldian martxan jarri zen. Han 11 gai landuko dituzten Sustapen-Taldeak sortu ziren: turismoa, nekazaritza eta elikagaien industria, artea, kirolak, formazioa, multimedia eta komunikazioa, energia berriztagarriak, birziklapena, elkartasun dinamikak, aholkularitza juridiko eta ekonomikoa eta Sakanako Ezagutzaren Gizarte-Funtsa. Guztiek ere, helburu bera dute: enplegua sortuko duten proiektu sozial berriak definitu, aztertu eta martxan jartzea.IldoakSakantzen Sareak berriki egin duen batzar nagusian ikasturteko lan ildoak zehaztu ditu. Batetik, Lan Talde bakoitzak gizarte edo enpresa proiektu bat edo bi izan beharko dituzte definituta urtea despeditzerako. Egitasmo horiek hurrengo faseetan ebaluatu, hobetu eta martxan jarriko lirateke. Saretik jakinarazi dutenez, lantalde batzuek dagoeneko garatutako proiektuak dituzte. Bestetik, Sakanako Ezagutzaren Gizarte-Funtsa martxan dago. Haren bidez ibarreko ondare natural, material eta ez materiala artxibatu, kontserbatu, ikertu eta aprobetxatu nahi da. Jasotakoaren analisia, berreskurapena, berrerabilpena, transmisioa eta berritzea etorriko dira ondoren. Hala, eskualdearen baliabide propioak baliatuz enpresa egitasmoak sortu nahi dira. Sareko kideek jakinarazi digutenez, aurki Sakanako herriren batean proiektua praktikan jarriko dute. Programazio osagarriaSakantzen Sareak bere batzarrean onartu zuen lan ildoekin batera hainbat jarduera egitea. Horietako bat Sakanako Ideien Zaparrada da. Helburua litzateke ibarraren egoera kontuan hartuta sakandarrek konponbiderako proposamenak egitea, ondoren erakutsi eta zabaltzeko. Herrika eginen da. Abenduan Sakantzen Sareak bere 2. lan jardunaldia eginen du. Lan Taldeek haien lanaren, enpresa proiektuen berri emateko espazioa izanen da. Prestakuntza programa ere martxan jarriko du Sakantzen-ek. Sareko kideak IKT, zerbitzuen diseinuan, kooperatibismoan, kontabilitatean, negozio ereduetan, marketinean, aholkularitza juridikoa, gestio eta bideragarritasun planetan eta proiektuaren pitching-ean trebatzea da helburua. Sarearen 3. lan jardunaldia maiatzerako dago aurreikusia. Lan Taldeek ordura arte egindako bidearen berri emanen dute. Ebaluazioa eginen da, egin diren hobekuntzak, sinergiak, formazioan behar diren beharrak eta abar ikusteko. Sakanako Negozio Ideien Txapelketa ere martxan jarriko du Sakantzen Sareak. Harekin, batetik, ibarreko gizartea bulkatu nahi da, "jarrera proaktiboaz aldaketa sozio-ekonomiko positibo bat lortzeko". Eta, bestetik, "ikuspegi partekatua sortu nahi da Sakanako gizartean eragin positiboa izateko". Hau da, eragile ezberdinen arteko kolaborazioa esperientzia bat eraiki nahi da arlo ezberdineko proiektuak garatzeko. Azkenik, beste txapelketa bat ere jarriko du martxan Sakantzen Sareak: oporretatik bueltan ideia bat ekarri souvenir moduan. Parte-hartzaileek oporretan bisitatu duten lurraldean ikusi edota aztertu duten ideia bat aurkeztu beharko dute.Harremanetarakosakantzensarea@gmail.com