Zurekin Beleixe Irratiak beste ordu bat

Guaixe 2012ko urriaren 19a

Oporretatik bueltan, lan-urte berriarekin, Beleixe Irratia (FM 107,3) isildu genuela esan genizuen. Zailtasunekin hasi genuela urtea, Nafarroako Gobernuko diru-laguntzarik gabe, besteak beste. Urte bukaerarako aurreikuspenak oso ilunak ziren. Gure komunikabideak salbatzeko 2000 esker kanpaina jarri genuen martxan eta ez dugu gure helburua bete, ez ditugu 2000 bazkide lortu. Hala ere, emaitzak oso onak izan dira, 1.400 bazkide gara gaur egun. Proiektu osoa bideragarria ez izateagatik murrizketak etorri ziren eta horien artean zegoen Beleixe Irratia (FM 107,3) isiltzea.Bierrik Fundazioak baliabide gutxiago ditu orain komunikabideak aurrera eramateko. Hilabete hauetan Guaixe, Beleixe eta Bierriken beste proiektuen etorkizunerako aukerak aztertzen ari gara.Irratiari dagokionez, momentuz eta heldu den ostiraletik aurrera, Beleixe Irratiak (FM 107,3) zuzeneko ordu beteko emisioa eskainiko du. Asteko albiste nagusiak errepasatuko eta asteburura begira jarriko gara ostiral goizero. Zuzeneko saio hori 9:30ean izanen da. Ondoren, 14:00etan eta 19:00etan errepikatuko da.  Irrati eskaintza duina ematea gure bazkideek eta sakandar guztiek merezi duten zerbitzua dela badakigu, baina, tamalez, egoerak hobera egiten ez badu, ordu bete baino gehiago ezinen dugu airean egon. 24 orduz musikaz gozatzen jarraitu ahalko dugu eta orain albisteak ere izanen ditugu entzungai. Hori dena internet edo eta mugikorraren bidez, baina noiz arte? Piztu dezagun denon artean Beleixe Irratia (FM 107,3), egin bazkide eta ea denon artean beste ordu bat eman ahal diogun Sakanako irrati euskaldunari. Bierrik Fundazioa