Langabetuen asanblada osatzeko deia

Guaixe 2012ko urriaren 25a

Sakanako langabetu guztiei deia egin zaie gaurko batzarrera joateko. Aurreneko bileran asanbladaren antolakuntza moldea eta helburuak zehaztuko dituzte. Irailaren 26ko greba orokorreko mobilizazioetan eta ondoren etxez etxe esku-orriak banatu dira, "lanean hasteko proposamena". Sakanako Langabetuen Asanbladako deitzaileek azaldu dutenez, langabezia "arazo kolektiboa da eta lehenbailehen erantzun behar zaio". Erantzun indibidualek langabeak ahulago egiten dituztenez, antolatzea "ezinbesteko" jo dute. Proposamenean jaso denez langabetuen "egoera ikustarazi" daiteke ere, askorena "dramatikoa" delako. "Elkartasun bultzada berria ezinbestekoa dugu gure gizartean, jendearen kontzientzia ekintzen bidez astindu behar da". Horrekin batera, Sakanako Langabetuen Asanblada osatzeko proposamenean jaso da lan ordu estren salaketa, lanaren banaketa eta oinarrizko errenta unibertsal mugagabea izanen direla lehentasunak. "Gutxiago lan egin, denok izan dezagun lan egiteko aukera. Gainera, pertsonen independentzia eta duintasuna bermatuko duen langabezia-ordainsaria defendatzen dugu".