5 ikasletik 1ek ez du euskara menderatuko

Guaixe 2012ko urriaren 18a

Haur Hezkuntzan azken 2 urteetan gorako izan duen joera eten da D ereduan. %0,2 egin du behera (616 ikasle). A ereduak aurreko urteetako beherako jaitsierarekin segitzen du. Ikasturte honetan hasi diren ikasleen kopuruak %0,1 egin du behera (85). Eta bi eredu horiek behera egin dutena gora egin du B ereduan matrikulatutako ikasle berrien kopuruak (34).  Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) euskara hutsezko ereduak, D ereduak, aurreko urteetako igoera motelari eusten dio. Bi ziklo horietan ari diren 4 ikasle sakandarretatik 3 euskarazko ereduan ari dira. Batxilergoan ere antzeko kopurua du D ereduak (%74,2). Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak emandako datuak dira, ibarreko ikastetxeetako matrikulazio datuak bildu ondoren. Hezkuntza eta soziolinguistikako adituek behin baino gehiagotan nabarmendu izan dute A eta B ereduek ez dutela euskara ikastea bermatzen.OrokorreanHiru hezkuntza zikloak kontutan hartuta, ikasturte honetan Sakanan 2.733 ikasle daude ikastetxeetan. Haietatik 2.168k (%79,3) D ereduan ikasten dute. Aurreko ikasturtean baino %0,8 ikasle gehiago daude euskarazko ereduan matrikulatuta. 455 ikasle (%17) A ereduan ari dira ikasten, aurrekoan baino %0,1 gutxiago. B ereduan ikasten ari diren ikasleen portzentajeak ikasturte honetan %0,7 egin du behera. Hau da, 101 ikasle (%3,7) ari dira klase erdiak euskaraz eta beste erdiak gaztelaniaz jasotzen.