Ibarreko sortzaileen azoka

Guaixe 2012ko urriaren 19a

Sortzaileak: 27. Pintura eta eskultura dira ardatza; baina serigrafia eta grabatuak ere badaude, baita bideo proiekzio bat ere. Azokan gauza ezberdin pila ikusteko aukera izanen da. Arte azoka den aldetik erakusketa da, baina, bestetik, artea saltzeko tokia ere bada. Azokaren aurreneko edizio honetan dauden obra guztiek arau bat bete behar dute. "Ez dira funtzionalak, praktikoak izan behar. Begiratzeko eta zure izpiritua betetzeko balio behar dute". Hala zehaztu zuten artea. Manolita Thundersen azalpenak dira. Bera azoka antolatu duen Artista Taldeko kidea da. Pasa den urteko azaroan ibarreko artistei deialdia egin zitzaien talde bat osatzeko. Taldean parte hartze gorabeherak izan dira, baina egun 11 kide dira. Bileretan ikusi zuten aurreneko premia lokal falta zen. "Ez zegoen lokalik eta bakoitza bere alde zegoen gauzak egiten". Sortzaile batzuek bere lokal propioa dute, besteek batere ez. Baina azaldu digutenez, dagoeneko espazio faltaren arazoa bideratzen hasiak dira. Thundersek esan digunez, lokalaz gain arte kontuak mugitzea zen bileren helburua. "Horrela sortu zen arte azoka antolatzearen ideia. Gure lehenengo ekintza". Sakanan egiten den artea ikusteko aukera paregabea izanen da azokak eskainiko duena. "Ez dira ibarreko artista guztiak egonen, pintzelada bat da ziur aski". Sortzaile gehienak sakandarrak dira, iruindar, bizkaitar eta arabar bana kenduta. Azoka urtero errepikatzeko asmoa dute. Egileak Dora Salazar, Txuspo Poyo, Jose Ramon Anda, Mikel Okiñena, Helena Santano, Sagri Mauleon, Olatz Aldasoro, Itsaso Alzelai, Zuffi, Bidatz Razkin, Koldo Arnanz, Itziar Nazabal, Txefo Mendez, Jule Kosta, Jokin Kale, Miren Ustarroz, Elena Vera, Manolita Thunders, Carlos Rivera, Josean Maiza, Ana Goikoetxea, Argiñe Berastegi, Beatriz de la Vega, Estibaliz Garcia, Nerea Etxegarai, June Crespo eta Dolo Navas. AzokaIgandean, 10:00etatik 14:00etara artistak Iortia kultur gunean egonen dira eta haiekin hitz egiteko aukera izateaz gain haien obra erosteko aukera paregabea izanen da. Artista Taldeak ohitura hori sortu nahi du sakandarren artean. ZozketaArtista Taldeko 6 edo 7 egileetako baten lan bat eskuratzeko aukera izanen du txartel sarituak. Tokatzeko erosi beharra dago eta haiek euro batean daude salgai Gernikan, Portukon, Tu Tiendan, Arkatzen, Angiano oilasko-dendan... Artistek ere salduko dituzte. Zozketa igandean, 13:00etan eginen da. Bisita gidatuak29an eta 30ean bisita gidatuak eginen dira azokak, "artista eta publikoa elkarri hurbiltzeko". Egileek egiten dutenaren azalpenak jasotzeko aukera paregabea izanen da.