Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean Ihabarko antzerki taldeak, atzera ere, Peter Pan obraren antzezpena egin behar zuen. Baina kalean egin behar zenez eta eguraldiak lagundu ez zuenez, bertan behera gelditu zen eta iragarritako emanaldia noiz emanen den ez da zehaztu. Agorrilean, festen aurretik mustu zuten obra herrian eta arrakasta handia izan zuten antzezleek. Kontakizun ezagunaren bertsioan haur ihabartar ugarik parte hartzen du. Haiekin batera helduak ere bai. 20tik gora herritar antzezle, haur eta helduendako gustagarri izan zen obra batean. BisitaEguraldiak ez zuen larunbatean batere lagundu eta, hala ere, 20 bat pertsona joan ziren Aixita gaztelura. Ingurua arriskutsu zegoenez ez ziren gazteluan gehiegi egon. Hala ere, agerian utzi dituzten gazteluaren arrastoak ikusteko aukera izan zuten martxako kideek. Eguraldi txarragatik ere gazteluko mugarria bera ere ez zen mustu aurreragoko utziz. Ondoren, Etxeberriko elkartean Iñaki Sagredo ikerlariak hitzaldia eman zuen. Ruben Goñi alkateak esan digunez, diru-laguntzarik jaso ez badute ere historia eta gaztelua ezagutarazteko apustua egiten segituko du udalak. Gainera, prestatu dituzten bidexken adarretako batek Aixitako gaztelura eramanen duela gogora ekarri du. Bidea seinaleztatu eta segurtasun neurriak hartu beharko direla ere gaineratu du. Bestalde, azaldu digu agendako gaizki ulertu bategatik izan zela ordu aldaketa bisita gidatuan eta hitzaldian. Hasiera batean arratsalderako iragarria zegoen, eta hala publikatu genuen Guaixen, baina goiz-eguerdian egin zen. Bidexketan barnaArakilgo eta Irurtzungo Udalek haien dermioetan prestatutako bidexketan barnako ibilaldia antolatu dute iganderako. Ibilbide luzea egin nahi dutenak 9:30ean aterako dira Irurtzungo Plazaolatik. Ibilbide motzaren hasiera ordua 11:30ean da, Albaitaritza enpresatik abiatuko dira. Haurrendako animazioa ere izanen da. Ibilbidea despeditzean Iratxo elkartean bazkaltzera geldituko dira. IndusketazAixitako gazteluak arkeologia indusketen 2. kanpaina hartu du uda honetan. Pasa den urteko lanari segida emanez, Iñaki Sagredo bera eta Gestion Cultural Larrate SL enpresako arkeologoak gazteluan izan ziren agorrilaren azken bi asteak eta irail akaberan beste bat. Aurtengo kanpainak gazteluaren mugak zehatz-mehatz ezagutzeko aukera eman du. "Sarrerako atea, ur biltegia, dorrea eta beste kokatu ditugu. Gaztelua nolakoa zen zehatzago dakigu orain". Ur biltegiarena zehaztea falta da eta hori heldu den urtean eginen dutela jakinarazi digu Sagredok. Indusketa arkeologikoa egin ondoren, eguraldiak laguntzen dienean egiturak egonkortzeko lanean aritu dira. "Erdi Aroko teknikak erabiltzen ari gara. Horretarako erabili zuten galtzina eta lurra aztertu dugu. Opatu dugun argamasa ere berrerabili dugu". Negua bertan da eta eguraldiak ez die lan egiten segitzeko aukera handirik emanen eta udaberrian segituko dute horretan. Bitartean opatutako zeramika eta metal piezen katalogazioa eta abarretan segituko dute. Sagredok indusketa aurrera eramateko Arakil eta Irurtzungo udalek egindako ahalegina eskertu egin du. "Prestatu dituzten ibilbideen zati bihurtzeko asmoa dute Aixita. Beharrezko segurtasun neurriak hartu ondoren begira-leku ederra izanen da. Gauza bera egin dezakete Urdiaingo eta Altsasuko udalek Iruritako gazteluarekin". Historia Larraungo iraganbide estrategikoa kontrolatzen zuen gotorleku horrek. Era berean, aukera ematen zuen hurbileko beste gaztelu batzuekin (Orarregi eta Garaño) begiz bidez komunikazioa izateko.Haren izena 1210ean agertzen da estreinako aldiz. Urte hartan Antso VII.a Azkarrak castelum de Aycita aipatu zuen ondokoen foruetan: Arraiçega, Guiçairudiaga, et de Echaverri et de Irurçun et de Latorlegui et de Aiçorbe et Iruniueta.1276an Fortún Iñiguez de Uriz alkaidea agertzen da garaiko dokumentuetan, eta horrez geroztik hainbat arduradun egon ziren, horietariko batzuk eskualdekoak, haien abizenek erakusten duten bezala. Ade de Etulain (1290), Martín Díaz de Garriz (1304), García Ruíz de Araiz (1323) Juan Ochoa de Latasa (1364), Lope García de Arbizu (1377) eta Lope García de Arruazu (1384), besteak beste. Horien saria xumea zen: 20 erregu gari jasotzen zuten ohiko goarnizioan zeuden bost bat gizonek, gerra garaian kopurua handiagoa zen baina.Gatazka zibiletan beaumontarrek —Juan de Eraso ezkutariak, zehazki esanda— konkistatu zuten gaztelua, 1462an. Esker ona adierazteko, Joan II.a erregeak eta, geroago, bere alaba Leonorrek ezkutari horri eta bere ahaideei Etxeberriko ohiko zergak gehi 51 soldata eta 42 erregu garagar eman zizkieten, Goldarazko errentetatik hartuak.1512an suntsiturik zegoela agertzen da dokumentuetan, Nafarroaren konkista gertatu eta aste gutxira. Gazteluak hiru maila gotortu ditu, eta haitzaren kaskoan dagoena gotortuena da. Hantxe daude oraindik gazteluaren harresiak eta dorrearen hondakinak. Harriz eta zurez eraiki zuten gaztelua, eta sarrera leku helezinean dago, amildegiaren ondoan. Harresi bat Latasara begira, etxe bat Irurtzunera begira eta multzo osoa babesten zuen omenaldi-dorrea aipatzen dira.Iruritaz gehiago jakiteko.