Anfas elkartearen eta Nafarroako Gobernuaren akordio baten ondoren sortu zen Tasubinsa, irabazi asmorik ez duen sozietate anonimoa. Bere helburua ezgaitu intelektualak gizartean eta lan munduan integratzea. Akordioari esker han-hemenka lan tailerrak sortu ziren. Altsasun ordura arte zegoen hezkuntza bereziko gelari lekukoa hartu zion Lakuntzako tailerrak, 1987ko lastailaren 7an martxan jarri zena.
900 metro koadro integrazioari eskainiak.
Mende laurden honetan Tasubinsak hainbat enpresaren lana azpikontratatu du. Horien artean daude Ufesa, Arfe, Isphording, Shneider Electric, BSH eta abar. Gaur egun Altsasuko kooperatiba, Cocinas Lacunza, Gorvi eta Massada enpresendako ari dira lanean.
Gehiago
Lan tailerraz gain, Lakuntzako Tasubinsaren egoitzan okupazio-terapia gela ere badago. Pasa den urteko martxo akaberan mustua, enpleguko zentro berezian egon ezin duten 21 pertsonei okupazio zerbitzuak eskaintzen dizkie. Premia indibidualen arabera terapia bereziak behar dituzten pertsonei dago zuzenduta. Tasubinsaren Lakuntza hartzen duen eraikina hainbat udalena da: Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Lizarraga, Unanu eta Dorraoko kontzejuena. Horien guztien izenean Lakuntzako Udalak mugagabeko alokairuan utzi zion Tasubinsari.
33 pertsona
Enplegu zentro berezian ezgaitu intelektualak (11 langile aritzen dira, 21 okupazio-erabiltzaile), ezgaitasun fisikoa duen langile bat eta 4 profesional aritzen dira. Oskotz, Latasa, Irurtzun, Etxeberri, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Altsasu eta Olatzagutiakoak dira.
Kronologia
1984/1985 Ikasturtean eten zuen La Salle ordenak Lakuntzako Lanbide Heziketako eskolaren jarduna. 1985eko lastailean Anfasek Nafarroako Gobernuari Lakuntzako eskola uztea eskatu zion.
1987-10-07 Egokitzapen lanen ondoren jarduera hasi zen. 45 ezgaitu intelektual inguruan zeuden.
1994 Egiten zen industria jarduerari egokitu zen azpiegitura.
2003tik Makina bat berrikuntza lan egin dira eraikinean.