Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aspaldian ikusi gabe neukan Hodei. Azkenaldi honetan oso gutxitan etorri izan da gurera, eta gehienetan bakarrik etorri eta denbora gutxi geratzen zen gure artean. Ezin izaten genuen berarekin egoteko astirik, eta ezin izaten genuen bere arrebari buruz jakiteko aukerarik ere. Bere arrebak Euria du izena.Nire lehengusuak bere arrebarekin erlazio berezi bat dauka. Nik dakidala behintzat, betidanik bata bestearen beharra sentitu izan du, baina ez dira beti elkar egoten. Soilik Euria eta Hodei batera bisitan etortzen direnean izaten dute bata bestearekin egoteko aukera hori. Baina hori bai, Euriak erabakitzen du noiz eta nola, eta baita zenbat denbora ere. Horregatik nire lehengusuak denboraldi txarrak pasatzen ditu Euriaren bisita epe luzean jasotzen ez duenean. Nire lehengusuak Lur du izena.Baina nire lehengusua ez da pozten den bakarra Hodei eta Euria gurera etortzen direnean. Ni neu ere beraien bisitak eskertu egiten ditut, behar izaten ditut. Eta zer esan gure koadrilako beste guztiak: Itsaso, Haritz, Garoa, Lorea, Oihana, Harkaitz... Piztu egiten gara beraiekin gaudenean, indarberrituta sentitzen gara.Dena den, koadrila guztietan bezala, gorabeherak izaten dira. Ez dakit zer gertatzen zaien, aspaldiko haserreren bat. Baina Hodei etortzen denean, Eguzkik eta Ilargik alde egiten dute, ez dute elkarrekin egon nahi. Ez dakigu zer gertatu zen beraien artean, baina konponbiderik gabeko zerbait ematen du.Dena den, gu ez gara beraien arteko liskarren erdian sartuko. Espero dut Eguzkik gaizki ez hartzea, baina asko poztu naiz Hodei eta Euriaren bisitarekin. Gainera, beste lagun batzuk ekarri dituzte: Ekaitz eta Tximist. Ea hurrengo batean Edurne ere etortzen den.Ongi etorri denakIbai Hernaiz Ormaetxea