Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaurtik aurrera, ostiralero Beleixe Irratian (FM 107,3) Sakanako albisteak eta gaiak entzuteko aukera izanen da. 9:30ean irratia pizten duenak saio berriarekin topo eginen du. Sakanako asteko albiste nagusien errepasoa eta asteburuak emanen duenaren berri ematen duen saioa izanen da. Elhuyar fundazioak ekoiztutako zientzia saioarekin batera osatuko da emanaldia. Eneida Carreño Mundiñano, Alfredo Alvaro Igoa eta Maider Betelu Ganboa txandakatuko dira mikrofonoaren aurrean. 9:30ean zuzenean emandako saioa ostiraletan bertan bitan birremitituko da: 14:00etan eta 19:00etan. Saioa internet eta telefono mugikorren bidez entzuteko aukera ere badago. Emanaldiak gaur abiatzen dituen saioa Beleixe Irratiko (FM 107,3) bakarra izanen da. Emisioaren gainontzeko ordutan musika eskaintzaz gozatzeko aukera izanen da. Hala izan da oporren bueltatik. Izan ere, Bierrik Fundazioak baliabide gutxiago izatean bere hedabideetan murrizketak egin behar izan zituen eta horien artean irratia isildu beharrean suertatu zen. Bierrik Fundazioaren nahia da irrati eskaintza duina ematea gure bazkide eta sakandar guztiei. Baina egoerak hobera egiten ez duen bitartean, ordu bete baino gehiago ezinen dugu airean egon. Sakanako euskarazko hedabideak aurrera egiteko Bierrik Fundazioak 2000 esker kanpaina jarri zuen martxan, 2.000 bazkide lortzeko asmoz. Dagoeneko 14.25 bazkide dira eta urte bukaera bitartean kanpainari azken bultzada emanen zaio, bazkide gehiago egiteko.