Sakanako XII. Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia

Guaixe 2012ko urriaren 24a

Azaroaren 3an jokatuko da Sakanako XII. Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia, larunbatarekin. 16:00etan kategoria txikikoen lasterketak izanen dira, Olaztiko herri gunean, eta 17:00etan helduen proba. Lehenengoz larunbat arratsaldez eginen da proba, Olaztiko herri gunean prestatutako 2,5 km-ko zirkuituan. Zirkuituari 3 itzuli eman beharko diote helduek, 7,5 km osatuz. Behobia-Donostia prestatzeko lasterketa aproposa izango da.Sakanako XII. Herri Lasterketa Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu du, ondoko entitateen laguntzarekin: Dantzaleku Sakana Atletismo Kluba, Olaztiko Udala, Olaztiko Santa Ana eta San Migel elkarteak eta Olaztiko Sutegi elkartea. Babesle nagusia Burundesa da, beste hainbat komertzioren laguntzarekin. Asteartean aurkeztu zuten proba kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak, San Migel elkarteko kide den Raul Audikana korrikalari olaztiarrak eta Olaztiko kirol zinegotzi Javier Badosek. Sari metalikorik gabeAurtengo Sakanako XII. Herri Lasterketa inoiz baino herrikoiagoa izango da. "Edozeinek hartu ahal izango du parte, baina bereziki sakandarren partaidetza bulkatu nahi dugu, eta, bestetik, emakumeena" adierazi zuen Amaia Gerrikagoitiak. Horren isla, Sakanako Atletismo Koparako baliagarria izango da. Bestetik, lehenengoz ez da sari metalikorik emanen. "Arrazoia bikoitza da. Batetik, krisiaren eraginez aurrekontuak eta laguntzak jaitsi direlako; eta, bestetik, sariak ez daudenez, proba herrikoiagoa izango delako. Hori aipatzen zuen jendeak eta proba herrikoiagoa egiteko apustua egin dugu" nabarmendu du teknikariak. Horrela, Olaztiko komertzioetan erositako produktuen loteak zozketatuko dira korrikalarien artean. Bide batez, proba azaroaren 11n jokatuko den Behobia-Donostia lasterketa prestatzeko aproposa izango da. "Iaz 123 sakandar aritu ziren Behobian, ea aurten Olaztin jokatuko den Sakanako Herri Lasterketan animatzera parte hartzen diren" gaineratu zuen Gerrikagoitiak. OlaztinJavier Badosek azaldu zuenez, Olaztiko frontoia izango da probaren erdigunea. Frontoian dortsalak banatuko dira eta bertan eginen da sari banaketa eta proba osteko auzatea. Lasterketako irteera eta helmuga puntua bertan egonen da. Kale Nagusia ardatz hartuta, eta norabide bikoitzean erabilita, 2,5 km-ko zirkuitua prestatuko da Olaztiko herri gunean, ermitako auzoraino joango dena. Horrela, zirkuitu guztia herri gunean egonen da eta ikusleek proba guztia gertu jarraitzeko aukera izanen dute. Raul Audikanak adierazi zuenez, zirkuitu polita eta entretenigarria izango da, erritmo aldaketa asko izanen dituena. "180 graduko giroa, ermitako auzorako igoeran dagoen aldapa, gero jaitsiera... ikusleendako polita izango da" azaldu zuen. Izena emateko: www.kirolprobak.comAurretik txip horia dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta egunerako txip txuria alokatuko dutenek 11 euro. Kategoria txikikoek dohainik dute izena ematea eta egunean bertan egin ahalko dute. Helduek, aldiz, azaroaren 2ra arteko epea dute izena emateko (14:00ak arte).