Ibarreko langabetuak antolatuta, martxan

Guaixe 2012ko urriaren 29a

Ostiralean 50 pertsona inguru bildu ziren batzar batean eratu zen Sakanako Langabetuen Asanblada (SLA). Egoera pertsonal ugari, baina hasieratik garbi gelditu zen asanblada ez dela "auto-laguntzarako asanblada bat. Baizik eta martxan jarri eta proposamenak egiteko". Asanbladako kideak lana bilatzeko helburua jarri diote euren buruari. Hori izanen da aurreneko helburua. Lana bilatzeko bi pauso eman behar direla uste dute SLAn. Lanaren banaketa da lehena. "Dagoen lana banatu behar da. Horretarako, hasteko, gaur egun ibarreko lantegietan sartzen ari diren ordu estrekin bukatu behar da". Adibide gisa Sunsundegui jarri zuten: hilabete batean 2.000 ordu baino gehiago sartu zirela esan. "Ordu eta lanpostu asko dira".Antolatzen hasi diren langabetuak ere uste dute jendeak gutxiago lan egitea dagoen lana banatzeko bidea dela. "Denondako lanik ez badago, hobe da denok zerbait irabaztea, gutxi batzuk dena eta besteak miseriara zigortzea".  Sakanako Langabetuen Asanblada bidea egiten hasi da. "Ziur bidean lagunak opatuko ditugula, Sindikatuak, Sakantzen Sarea... Jende asko ari da lanean. Baina gu gurean hasiko gara. Langabetuak bakarrik gaude sistemaren aurreran". Eta hain zuzen horregatik bildu direla azaldu digute: "bateraturik etorkizun hobea dugula uste dugulako. Langabezia ez da arazo pertsonal bat, kolektiboa baizik". Industrialdetan curriculumak banatzen bakarrik egotea "umiliagarria" dela adierazi dute. "Batera joanda lana bilatzeko aukera gehiago ditugula uste dugu". 1.724, eta gehiagoNafarroako Enplegu Zerbitzuan iraila akaberan izena emanda zeuden sakandarrak dira. Baina ostiraleko batzarrean nabarmendu zuten hortik kanpo gelditzen direla "lanik opatu ez dutelako ikasten dagoen jendea. Edo prestaziorik jaso behar ez duenez izena emanda ez dagoen jende pila".