Sakandarrak Oibarko antzerkiaren atzean

Guaixe 2012ko urriaren 30a

Erdi Aroko azokaren programazioaren barruan, Oibarreko antzerki tailerrak igandean Sobre Zarzas y marzas antzezlana taularatu zuen, bitan. Abenduaren 15erako beste emanaldi bat iragarri dute. Antzezlana Oihane Andueza lakuntzarrak idatzi zuen eta antzezleen zuzendaria Jon Barbarin ihabardarra izan da. Anduezak azaldu digunez, herriko sorgin batzuen istorioa du oinarri. "Baina zeharka Nafarroako Konkista ere sartu dut, Esako batailan oibartarrek parte hartu zutelako eta Nafarroaren garaipen bat izan zelako. Historia eta fikzioaren arteko nahasketa". Lakuntzarrak oibartarrendako sortu duen 4. antzezlana da. Garagarrilean T´ay de cantar antzezlana mustu zuten. Pan pa tu morro (2011) eta Sancha de Aibar (2010) antzezlanak Erdi Aroko azoketan eman izan dituzte. Pilatua duen nekea kendu ondoren 5. antzezlan bat egonen den ikusiko du Anduezak. Ihabartarrak, berriz, iraila erdialdetik igandera arteko epea izan zuen taularatzeko detaile guztiak zehazteko.