Altsasu porlandegietan hondakinak erraustearen kontra dauden plataformen bilgune

Guaixe 2012ko urriaren 31

Ostiraletik igandera luzatuko dira jardunaldiak. Hitzaldi irekia, haurrendako birziklatze tailerrak, herri afaria, kantaldia eta beste izanen dira Hiru Mugak Batera plataforma Olatzagutiko porlandegian hondakinak erretzearen kontra ari da lanean. Eta berea bezala Espainian barna beste hainbat plataforma ari dira helburu berarekin, aldamenean duten porlandegiak ez dezala hondakinik erraustu. Guztiak ere koordinakunde batean daude eta asteburuan koordinakunde horren 4. topaketa eginen da Altsasun eta Olatzagutian. 10-15 plataformetako ordezkariak bilduko dira egun hauetan. Katalunia, Toledo, Madril eta beste hainbat tokietatik etorriko dira parte-hartzaileak. Eraikuntzaren burbuila lehertu ondoren, porlandegiek hondakinen errausketarekin negozio berri bat opatu dutela esan du Endikak, Hiru Mugak Batera (3MB) plataformako kideak, Beleixe Irratian (FM 107,3). "Egun sortzen ditugun hondakinak kontuan harturik (horretara eramaten gaituzte), horren ondorioz sortzen den arazoa zabaltzen ari da". Horregatik, elkarrekin lan egin nahi dute plataformek.TopaketaGoizean plataformetako kideek 3 hitzaldi entzunen dituzte. Hondakinen errausketak sortzen dituen ondorio orokorrez lehena. Bigarrena jarduera horrek ingurumenean dituen ondorioez eta, azkenik, pertsonen osasunari nola eraginen dien jakiteko aukera izanen dute. Arratsaldean hondakinen errausketa saihesteko dauden alternatibak eta  hondakinen errausketa mundu mailan eta C02 isurien merkatuaz ariko dira. Endikak ezer baino lehen argitu nahi izan du aurreko topaketak plataformetako kideendako izan direla. "Norberaren egoeraren berri ematen genuen. Horren inguruan eztabaidatu, ekintzen berri eman eta abar egiten genuen. Eta, gainera, adituek parte hartzen zuten". Altsasu eta Olatzagutiako jardunaldietan hori bera eginen dute, batez ere larunbat goizean. Baina 3MBko kideak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, "argi dugu arazoa ez dela plataformena. Egiten dugun lana zabaldu egin behar dela eta herrira iritsi behar dela". IrekiagoakHorregatik, parte-hartzaileei harrera egin ondoren triki-poteoa izanen da. Larunbatean, 11:00etatik aurrera, haurrendako birziklatze jolas eta tailerrak izanen dira Burunda pilotalekuan. Irrien Lagunak klubeko Largabistak eta Tiritatxok gidatuko dituzte. Burunda frontoiak, 18:30ean, adituen hitzaldi irekia hartuko du. "Herritarren parte hartzea nahi dugunez, hizlariei galderak egiteko tarte zabala izanen da. Gai honen inguruan duda, arazo eta eztabaida faltsu asko dago eta pertsona hauek ekarri nahi ditugu horri guztiari buelta emateko. Enpresak azken hilabeteetan zabaldu dituen hainbat gezurrari erantzuteko eta informatzeko aukera eman nahi dugu". Gauean herri-afaria izanen da eta eguna despeditzeko kantaldia. Jardunaldia despeditzeko igande goizean Urederrara irteera eginen da, "gure inguru zoragarri hau nola kaltetu dezaketen ikusteko". EgitarauaAzaroak 2, ostirala20:00etan Parte-hartzaileei ongi etorria eta bi gauetarako ostatua ezagutu.20:30ean Trikipoteoa Altsasun.22:00etan Afaria.Azaroak 3, larunbata8:00etan Gosaria.9:00etan Jardunaldietan parte hartuko dugun plataforma guztiek bere egungo arazoen eta egoeraren berri emango dute (plataforma bakoitzak 5 minutu izango ditu). Hitz egiteko txanda irekia.10:30ean Hamaiketakoa.11:00etan Haurrendako birziklatze jolasak eta tailerrak Burunda pilotalekuan.11:00etan Carlos Arribas Ugarte, Herri Valentziarretako Ecologistas en Acción: Zementu-fabriketan errausteak dakartzan arazoen ikuspegi orokorra (gazteleraz).12:00etan Fernando Palacios, Ikerketa Zientifikoetako Goi Batzordeko (CSICeko) eta Madrilgo Natura-Zientzietako Museoko kidea: Zementu-fabriketan hondakinak errausteak ingurumenean duen eragina (gazteleraz).13:00etan Mario Fernandez Lopez de Ahumada, medikua eta Osaldeako kidea (Osasunerako eskubidearen aldeko elkartea): Zementu-fabriketan hondakinak errausteak pertsonen osasunean duen eragina (gazteleraz)14:00etan Jardunaldietan parte hartzen ari diren plataforma guztietako kideen bazkaria.16:00etan Ainhoa Arrozpide, Zero Zabor plataformako kidea: Hondakinak errausteari alternatibak (gazteleraz).16:45ean Mariel Vilella, GAIA (Global Alliance for Incineration Alternatives): Zementu-fabriketan hondakinak erraustearen arazoa mundu mailan eta CO2 emisioen merkatua (gazteleraz).18:00etan Ondorioak eta manifestua.18:30ean Hitzaldi irekia Altsasuko frontoian: Carlos Arribas Ugarte, Mario Fernandez Lopez de Ahumada, Ainhoa Arrozpide.22:00etan Herri afaria eta musika emanaldia Altsasuko frontoian.Azaroak 4, igandea8:00etan Gosaria.9:30ean Urederrara irteera autobusez.10:30ean Iturburura igo, informazio panela jarri, taldeko argazkia atera eta elkarrekin sorturiko manifestua irakurri.14:30ean Casa Faustina jatetxean bazkaria.KoordinakundeaPorlandegietan hondakinak erraustearen kontra dauden plataformak duela 4 urte hasi ziren biltzen. "Arazo bera izanik, elkarren informazioa eta esperientziak trukatzeko eta elkarrekin zer egin zezaketen erabakitzeko" bildu zirela esan digu Endikak. 2009ko lastailean Ponferradan egin zuten koordinakundearen aurreneko topaketa. "5 plataforma bildu ziren. Egoera eta arazoak konpartitu zituzten eta aurrera begirako elkarlana sortu zuten". Hurrengo urtean Toledon egin ziren jardunaldiak eta 10 izan ziren plataforma parte-hartzaileak. Pasa den urtean Montcada i Reixacen 15 plataforma bildu ziren eta Hiru Mugak Batera plataformak han lekukoa hartu zuen. Etorkizunean Europako beste herrialde batzuetako plataformekin harremanetan jarriko dira. EgoerazNafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Plan Sektoriala onartu zuen porlandegian hondakinak erraustu ahal izateko eta Olatzagutiko Udalaren ordenantzak dioena saihesteko. Erabakiak ibarreko gehiengo politikoak kontra egitea ekarri zuen. Endikak azaldu digunez, udalek, hainbat erakundek eta pertsonek gobernuaren erabakia errekurritu egin dute. "Gainera, herritarrek helegiteak jartzeko han-hemen sinadurak biltzen ari gara. Jendea oso interesatua dago. Galdetzen ari da eta jende asko ari da sinatzen. Horren bila goaz, ahalik eta jende gehien informatzea". Endikak gogora ekarri du enpresak esandakoa: "erraustea behar beharrezkoa da lanpostuak mantentzeko. Orain, dirudienez, erraustera doanean 28 langile kaleratzera doa". 3MBko kideak, bestalde, esan digu talde bereko Lemoako lantegian 15 urte daramatela errausten eta 35 langile kaleratuko dituztela. "Uste dugu enpresak emandako hainbat aitzaki pixkanaka-pixkanaka erortzen ari direla. Jendea konturatuko da zementua sortzetik erraustera pasa nahi duen enpresa bat dela". Errausteko jende gutxi behar dela esan du Endikak. "Birziklatzearen, konpostajearen eta berrerabilpenaren aldeko apustua egiten badugu askoz lanpostu gehiago sortuko ditugu". 3MBko kideak Murillo del Fruto herriko enpresa bateko adibidea jarri du. "Neumatikoak berrerabiliko dituzte eta 20 lanpostu sortuko dituzte". Plataformako kideak azaldu du "argi" dutela: "informazio argia eta gardena. Eta enpresari gauza berdina eskatzen diogu. Eta herriari argi eta garbi adieraz diezaiola zer egin nahi duen. Guk horren kontra eginen dugu".