Hildakoak gogoan

Guaixe 2012ko urriaren 31

Azken astean ezohiko mugimendua egon da hilerrietan. Biharko eguna prestatzeko asko eta asko izan dira garbiketako tresnekin joan direnak kanpo santuetara. Hilobiak, hilarriak, panteoiak, nitxoak, kolunbarioak eta beste garbi eta txukun utzi dituzte horrela. Eta lore zimelduak kendu. Beste asko zubian kanpora joan behar dutelako, edo dena delakoagatik, loreekin eta apaingarriekin joan dira hilerrietara. Izan ere bihar, joan zaizkigunei bisita egiteko eguna da, Domu Santu eguna. Kanpo santuetan jendearen joan-etorri handia espero da. Batzuk erositako loreak eramanen dituzte, baratzean egunerako propio landatutakoak besteak.