Poztu nau mugimendua dagoela ikusteak, seguruenik horrenbestekoa zela espero ez nuelako. Herrian barna entzun zuen bihar kontzertu handia izanen dela herrian. Ostegunero legez, arratsaldeko bostetan txikitako lagunekin geratu da kafea hartzera eta galdetu die kontzertuaren inguruan zerbait entzun ote duten. Erantzuna ezezkoa izan da baina interesatuta agertu dira. Jakin-minak bultzatuta galdetzera etorri da eta kasualitatea, kontzertuaren antolatzailea metro batera zuen galdera formulatu duenean. Azalpenak jaso eta gero, mugikorra poltsatik atera eta lagunak deitzen hasi da.Sarrerako atea irekita dago. Hotza egiten du kalean eta ateak hobe itxita, baina artelanak ondo babestu eta etxera eramaten ari dituzte bueltan. Furgoneta eta erakusketa gelaren arteko joan etorriak etengabeak dira. Artistak eta artelanak batetik bestera. Jai eguna delako edo, ohi baino jende gehiago dabil eta erakusketa gelako atera irekita ikusi bezain pronto bertara gerturatzen dira. Artistekin hitz egiteko aukera paregabea.Telefonoz hitz egiten jarraitzen du. Kontua galdu ez badut, laugarren deia da. Lekuz ez da mugitu eta azalpenak emateko besoa eta eskua mugitzen ditu.Arratsaldean liburutegia irekiko dute? Galdetu du 10 urte inguru dituen mutil ilehoriak. Zein ordutan? Aztoratuta dago, etengabean liburutegiko aterantz begira; azti batek irekiko duela pentsatzen ariko balitz bezala. Agurtu aurretik zinemako pelikulak iragartzen dituzten kartelak begiratu ditu.Telefonoa eskegi eta gerturatu da. Guztiekin ez, baina haietako batzuekin hitz egitea lortu du eta sei sarrera erosiko ditu. Zoriontsu dago, aurpegian irribarrea duela. Goxotasunez eskatu ditu sarrerak, baita eserlekuak ilusioarekin aukeratu. Sarrerak diru-zorroan ongi gorde eta abiatu da beste zeregin batzuetara. Hirurogeita bost urte inguru dituela esango nuke.Poztu naute joan etorriek eta hauen izaera anitzak.Bitartean, hemendik kilometro gutxira bi egoera ezberdin. Batetik, lerro hauek idazten ari naizela Barañaingo Auditorioak beste hiru hilabetez bizi irauteko baliabide ekonomikoak baino ez dituela irakurri dut prentsan. Bestetik, Lekunberriko alkateari atzo elkarrizketa egin zioten eta badirudi herriko kultura indartzeko proiektua duela buruan.Bost urte barru, izanen du Marak sarrerak erostera joateko aukerarik?Ana Lasa Senar