Sakanak txapela janzteko aukera du Lakuntzan

Guaixe 2012ko azaroaren 5a

Larunbatean hasi zen Goma Gaineko Nafarroako Sokatira Txapelketa, Gorritin. Guztira lau txapelketa jokatuko dira: gizonezkoen 640 kilokoa (8 tiralariz osatutako taldeak), emakumezkoen 390 kilokoa (6 tiralariz osatutako taldeak), gizonezkoen 600 kilokoa (8 tiralariz osatutako taldeak), eta talde mistoen 420 kilokoa (gizonezkoez eta emakumezkoz osatutako 6 tiralarietako taldeak). Emakumeen Sakana sokatira taldea bi txapelketetan ariko da. Batetik emakumezkoen 390 kilokoan, Basaburua-Imotz taldearen kontra dabiltza eta, bestetik, mistoen 420 kilokoan, Amaiurrekin bikoa osatuko du Sakanak, azaroaren 18tik aurrera. Basaburua-Imotz eta Berriozar izanen dituzte aurkari. Larunbatean, Gorritik, emakumezkoen 390 kiloko lehen jardunaldia jokatu zuten Sakanak eta Basaburua-Imotzek. Txapelketa liga sisteman jokatuko da, bi jardunalditara. Sei tiralariz osatutako taldeak aritu ziren. Bi itzulira jokatu zuten lehen jardunaldiko saioa, eta bietan garbi gailendu zen Sakana, jokoan zeuden lau tiraldiak irabazita. 2 puntu eskuratu zituzten sakandarrak eta puntu bakarra Basaburua-Imotzekoak. Larunbatean Lakuntzako pilotalekuan jokatuko da txapelketako bigarren eta azken saioa, 18:00etan. Sakanako neskak hautagai nagusiak direla erakutsi dute, eta ea etxean txapela janzten ikusten ditugun.