Emakumeen Atletismo Eskola martxan

Guaixe 2012ko azaroaren 7a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Altsasuko Udalaren laguntzarekin, Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskola antolatu du, herritar batzuk egindako eskaera aintzat hartuz. 18 urtetik gorako emakumeei dago zuzendua. "Emakume gehienak bere kabuz ibiltzen dira korrika, baina askotan, korrika egiteko teknika ikasteko zailtasuna dute. Gainera, eskolarekin emakumeen artean harremana sortu daiteke, lasterketetara eta beste elkarrekin joateko" azaldu digu kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.Emakumeendako Atletismo Eskola ostiralean hasiko da. Momentuz 8 emakumek eman dute izena eta ostiralero Altsasuko Dantzalekuko pistetan bilduko dira, 18:00etan, eta Gaizka Martinez de Albeniz monitorearekin atletismoko teknikak ikasiko dituzte. Apirilera arte iraungo du. Oraindik norbaitek izena eman nahi badu Mank-eko Kirol Zerbitzura jo behar du (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.com). Prezioa: 50 euro.