Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hiru Mugak Batera plataformak anfitrio lana egin zuen asteburuan. Izan ere, zementu-fabriketan hondakinak erraustearen aurkako plataformen koordinakundearen IV. Topaketa hartu zuen Altsasuk. Madril, Katalunia, Alacant, Toledo, Mexiko eta Euskal Herriko plataformetako 55 pertsona eta erakunde ekologista, alderdi eta sindikatuetako ordezkariak izan ziren topaketan. Plataforma bakoitzaren egoeraren berri izan, informazio eta esperientzia trukeak eta kontrasterako aukera izan zen topaketa. Horretaz gain, adituen hitzaldiekin janzteko aukera izan zuten. Larunbat arratsaldean Burunda pilotalekuan 200 pertsonatik gertu bildu ziren, hizlarien esanak entzutera. Ondorengo afarian 120 pertsona izan ziren. Topaketa Urdalurrera egindako bisitarekin despeditu zen igandean. Informazio panel bat jarri zuten. Han "hondakin errausketak osasunari eta ingurumenari ekarriko lizkiokeen kalte larriez informatzen da". HizlariakCarlos Arribas Ugarte, Herri Valentziarretako Ecologistas en Acción-eko kideak, azaldu zuenez, Raxoiren gobernuak energia berriztagarrien bidez sortutako argindarrari laguntza kentzean erraustegiak eraikitzea negozio izatea uzten dio, "errauskailuak hor barruan zeudelako". Valentzia aldean petrolio cokearen %80 hondakinengatik ordezkatu dutela. "Balio kalorifiko handi eta txikiko hondakinak erre nahi dituzte". Erretzen diren hondakinak ez direla homogeneoak eta hiri hondakinetatik eratorritako edozer izan daitekeela ziurtatu zuen. Arribasek esan zuenez, errausketa porlandegiendako abantailak ditu: "erregai merkea da. Gainera, erretzeagatik kobratu dezakete. Aldi berean, hondakinen zati bat biomasa gisa hartzen da eta horrek CO2 isurtzeko eskubide gutxiago gastatuko lituzke eta soberan dituenak merkatuan saltzeko aukera luke. Ekologistak esan zuenez, "hondakinen erretzeak birziklatzeko egitasmoak bertan behera uzten ditu. Zertarako gaika bildu erre behar bada? Legez 2.020rako %50 birziklatu behar bada, errausketak ez du legea betetzea ahalbidetzen". Fernando Palacios, Ikerketa Zientifikoetako Goi Batzordeko (CSICeko) eta Madrilgo Natura-Zientzietako Museoko kideak esan zuen Olatzagutiko porlandegiak jasotako baimenak 2 arrazoirengatik legez kanpokoa dela. Batetik, gobernuak Ingurumen Baimen Bateratua eman dio udalak kontrako txostena eman arren. "Estatuko legediaren kontra doa eta ilegala da". Bestetik, "erabakietan interesa dutenen parte hartzeko prozedura publikoa martxan jarri gabe baimena tramitatu eta eman da. Parte hartze Publikoaren Legeak (2006 urtekoa) horretara behartzen du. Herritarren iritzia kontuan hartu behar da eta iritzi hori loteslea da". Horregatik Palaciosek herritarrek prozedura hori martxan jartzera behartu behar dutela adierazi zuen. Ikerlariak enpresak prozeduran erabilitako "praktika engainagarriak" salatu zituen. Petrolio cokea hondakin bat denez eta "kutsagarria, ez da jarduera berri bat hasten". Enpresak bere egitasmoko memorian dioena ukatu eta erregai gisa erabili nahi diren hondakinak "kutsakorrak" direla adierazi zuen. Eta sustantzia kutsagarrien aipamenik ez dela egin ere salatu zuen. Mario Fernandez Lopez de Ahumada, medikua eta Osaldeako kideak gogora ekarri zuen gai kutsakorrak iraunkorrak direla eta asko kostatzen dela haiek desagertzea. "Sustantzia horiek gorputzean metatu egiten dira eta etorkizunean ondorioak izanen ditzakete". Sendagileak adierazi zuen zaila dela sustantzia baten esposizioaren eta gaitz baten arteko kausa-efektu lotura egitea. Horregatik, "ardura printzipioa" indarrean jartzea eskatu zuen, hau da, "kaltea sortu aurretik hura eragotzi". Ainhoa Arrozpide eta Mikel Ikatzegi, Zero Zabor plataformako kideak, azaldu zuten zabor asko sortzen dugula. "horren %90 birziklagarria da baina edukiontzien bilketaren bidez %25 besterik ez da birziklatzen. Gainontzekoa zabortegietara bidaltzen ari gara". Horregatik, sortzen diren hondakinetan dauden materialak berreskuratzeko bitartekoak jartzearen alde agertu ziren, "birziklatuz ekonomian txertatu egiten dira". Biek ere "kutsatzeko eskubidea desagertzea" exijitu zuten. "Edukiontzietan dena nahasten da, kutsatzeko prestatuta daude, diru publikoarekin egiten da. Herritarrok birziklatu behar dugu eta administrazioak egitekoa erraztu behar du". Usurbilgo datuak oinarrituta (urte batean %23 birziklatzetik %82ra pasa zen) atez ate eta auto-konpostatzearen aldeko apustua egin zuten. AdierazpenaAltsasuko topaketan bildu ziren 11 plataformetako ordezkariek eta atxikimendua eman zuten beste bostek adierazpena egin zuten, "porlandegietan burutzen den hondakin errausketa salatu, zementu-fabrikak hondakinen azken kudeatzaile bihurtzen dituen baimenik ez emateko, eta horren ordez, gutxitzean, administrazioei berrerabiltzean eta birziklatzean oinarritutako eredu alternatiboetan inbertitzeko" eskatu diete. Plataformak bat etorri ziren esatean "errausketa hondakinak kudeatzeko ezagutzen dugun erarik sostengaezinena eta arriskutsuena dela, gizakien, animalien eta landareen osasuna eta airearen eta uraren kalitatea larriki kaltetzen dituen gaiak isurtzen dituela eta hauen aurrean ez dagoela esposizio maila segururik". Porlandegiak errauskailuak ordezkatzen ari direla ere nabarmendu zuten. Eta gaineratu zuten "porlandegiek jarduera arriskutsu honekin beren zementu ekoizpen murriztua osatzeko edo ordezkatzeko asmoa agertu duten toki guztietan, errausketaren aurka dauden erakundeen antolaketa eta erantzuna" izan dela. Herritarrak antolatzera hots egitearekin batera, "hondakin errausketa burutzearen alde dauden alderdiak ez babesteko "deia egin zuten.Parte-hartzaileak: 3Mugak Batera Plataforma (Olatzagutia, Nafarroa), Plataforma NO Incineradora a Vallcarca (Vallcarca, Barcelona), Toledo Aire Limpio (Comarca La Sagra, Toledo) Plataforma Anti Incineració "Montcada Aire Net" (Montcada i Reixac, Barcelona), Plataforma Bierzo Aire Limpio (Bierzo, León), Moviment contra la Incineració a Uniland (Penedes, Barcelona), Asociación de vecinos de Pallejà (Barcelona), Asociacion de vecinos de Morata de Tajuña (Madrid), Plataforma Antiincineradoras de Alacant, Organizacion ambientalista Atotonilco de Tula, Hidalgo (Mexico) eta Plataforma Antiincineradora de la Vall del Ges (San Vicenç de Horts, Barcelona)Atxikimendua eman zuten:Plataforma Aire Net de san Feliu (Barcelona), Asociación NO a la Cementera en la Parrilla (San Lorenzo de la Parrilla-Cuenca), Plataforma Albentosa Natural (Albentosa-Teruel), Plataforma contra la contaminación-Almendralejo (Badajoz), Asociación ecologista CEPA (Centro de Ecología y Proyectos Alternativos-Cataluña)