Altsasuko kinto ospakizunek ikasleen errendimendua jaisten dute

Guaixe 2012ko azaroaren 7a

"Denondako ona den irtenbide bat" eskatu dute Aralarko Mikel Donea institutuko guraso elkarteak, eskola kontseiluak eta klaustroakBatxilergoko 2. mailan dauden ikasleek ospatzen dituzte kinto festak Santa Agedan. "Ikasturte motzena da, gaitegi zabalena duena eta garrantzitsuena da. Ikasturteko notak eta selektibitatekoak unibertsitate baterako edo besterako sarbidea ematen du". Halaxe azaldu digu bere kezka institutuko guraso elkarteko kide batek. Azalpenekin jarraitu du: "irakasleak aspaldi ari dira gertatzen denaz aspaldi gaztigatzen. Aurreneko ebaluaketan ikasleek duten suspentso kopurua, 5 eguneko ospakizun eta aurreko entseguen ondoren, bigarrenean handitu egiten da. Ikasleak erlaxatu egiten dira eta ez dute behar bezala bukatzen ikasturtea". Egoerak batez ere Altsasuko ikasleengan eragina duela dio gurasoak, "baina beste herrietako ikasleei ere eragiten die. Irakasleak zalantza egiten du ospakizunen garaian: gaitegiarekin jarraitu edo ez; gaitegi zabala dutelako emateko". UdaletxeanGuraso elkarteak kinto ospakizuna "birplanteatzea" nahi luke. "Hoberena urte bat atzeratzea izanen litzateke, kintoak adin txikikoak direlako. Baina hori egitea zaila ikusten dutenez, udalean batzorde bat sortzea nahi genuke gaia aztertzeko. Nahiz ez parte hartu, udalak gaia bideratzea nahi genuke". Horregatik, aurreko asteazkeneko udal bilkuran Arturo Carreñok gaia atera zuen galde-erreguen txandan. Eta udal-bilkuraren eten batean guraso elkarteko kideek haien kezkaren eta proposamenaren berri eman zuten. "Gure kezka azaldu nahi genuen. Iñigo Aritza ikastolako guraso elkartearena ere badena. Bilkurako agerraldiarekin gaia gizarteratzea nahi genuen. Beti ere, denendako irtenbide onena bilatzeko". Asteburu batean edo bitan ospatzeko proposamena ere eman digu gurasoak. Garazi Urrestarazu alkateak azaldu zuen kintoak direla ospakizunaren antolatzaile. Beste guraso elkarte, ikastetxe eta kintoekin bildu eta udalera proposamena ekartzea proposatu zien. Aralarko Mikel Donea institutuko guraso elkartea bildu eta eman beharreko dauden aukerak eta zein pausu eman aztertuko du.MantenuaDBH eta Batxilergoko 540 ikasle hartzen ditu institutuak. Guraso elkartetik jakinarazi zaigunez, Hezkuntza Departamentuak azken 2 urteetan mantenurako eman duen dirua %30 jaitsi da. "Gasolioa, elektrizitatea... kostuek gora egin dute eta nahiko larri gabiltza; gobernuak ordainketak berandu egiten ditu". Horregatik, asteazkenean Altsasuko Udalari ahal duen neurrian gastu horiek estaltzen laguntzeko eskatu zuen guraso elkarteak. "Eskaera bera eginen dugu institutura ikasleak bidaltzen duten udal guztietan", argitu digu guraso elkarteko kideak.Udalak ikastolari diru-laguntza ematen diola ere gogorarazi zuten. Alkatetzako taldetik erantzun zitzaien institutuaren mantenu gastuen eskumena Hezkuntza Departamentuarena dela eta hari egin behar zaizkiola eskaerak. Ikastolak laguntza udal bilkuraren erabaki bategatik jasotzen duela azaldu zuten. Institutuko guraso elkarteko kideak jakinarazi digunez, "ikastetxeak berogailu zahar bat du. Asko kontsumitzen du. Askotan eskatu dugu aldatzeko, alferrik".