Ideien Zaparradako boluntario izan nahi duzu?

Guaixe 2012ko azaroaren 9a

Talka baten ondorioz sortzen dira iñezturak edo tximistak, bat-bateko argitasun bat. Antzeko zerbait lortu nahi du Sakantzen Sareak: hainbat pertsona bildu eta Sakanaren garapenaren inguruan ekarpenak egitea. Ekarpen talka horretatik sortzen diren ideiak dira Sakanan Garapena Sustatzeko Sare Sozialak bildu nahi duen uzta. Horregatik, antolatu du hilaren 24rako Sakanako Brain Storming 2012 edo Ideien Zaparrada. Ibarreko 15 udalerrietan egin nahi du Sareak ekimena. Eta hura behar bezala prestatzeko Sakantzen Sareak herri guztietan boluntarioak behar ditu. Ekimenaren nondik norakoak azaldu eta nola egin behar den azaltzeko gaurko bileran parte hartzeko gonbitea egin du Sakantzen Sareak. Izan ere, gogorarazi dute, ekimenaren helburua dela ibarrak bizi duen krisi egoeratik ateratzeko sakandarrek proposatzen dituzten soluzioak ezagutu, erakutsi eta azaleratzea.